Guardia Zibilak bederatzi lagun atxilotu zituen asteartean Bizkaian, Galizian eta Espainian, eta beste bat ostegunean -Bizkaian-, denek ere ETArekin lotura dutelakoan, eta Baltasar Garzon Espainiako Auzitegi Nazionaleko epailea gaur hasi da haiek hartzen, Madrilen, 16:45etik. Atxilotuak auzitegian zeuzkaten 13:00erako. Inkomunikatuta daude.
Asteartean Bilbon Arkaitz Goikoetxea -berau hartu du gaur lehendabizi Garzonek-, Maialen Zuazo eta Anabel Prieto hartu zituzten atxilo; Elorrion (Bizkaia) Gaizka Jareño eta Adur Aristegi; Getxon Algorta auzoan (Bizkaia) Iñigo Gutierrez eta Mikel Saratxo; Nigranen (Pontevedra, Galizia) Algortako bizilagun Aitor Kotano; eta Fuengirolan (Andaluzia, Espainia) Elorrioko Libe Agirre.
Ostegunean Inge Urrutia atzeman zuen Guardia Zibilak Getxon, Algorta auzoan. Astearteko operazioarekin lotu zuten atxiloketa.
ETAren Bizkaia sarea-ren kontrako "kolpe latz" moduan aurkeztu zuen polizia operazioa Espainiako Gobernuak.
Guardia Zibilak dio operazioaren ondorioz ETAren hiru zulo aurkitu dituela: bi Espainian (Errioxa erkidegoan biak: Ozkabarten -125 kilo lehergairekin- eta Ezkarain) eta bestea Getxon (atzo, 35 kilo lehergairekin).
EITB taldeak esan duenez, ETAk egun hauetan Getxon Ertzaintzaren furgoneta baten kontrako atentatua egin nahi zuen, lehergailu bidez.
Atxiloketak