Baltasar Garzon epaileak Espainiako Auzitegi Nazionala uzteko eskaera egin du, bere kontrako auziak direla-eta ez dagoelako eroso. Nazioarteko Zigor Auzitegiko Fiskaltzatik bere "kanpo aholkulari" aritzeko gonbitea jaso zuen hilaren 6an, eta hara joan nahi du, gaur Auzitegi Nazionaleko iturriek jakinarazi dutenez.
Epaileak baimen hori emateko eskatu dio gaur bertan Espainiako Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiari (CGPJ), eta honek bihar aztertuko du kasua; baliteke orduan jakinaraztea baimena emango dion edo ez. Gutxienez, zazpi hilabetez ariko litzateke Garzon Nazioarteko Zigor Auzitegian aholkulari. Angel Juanes Auzitegi Nazionaleko presidentea baimena ematearen alde azaldu da.
Balekoa jasoko balu, Garzon segituan hasiko litzateke lanean nazioarteko auzitegi horretan. Hagan (Herbehereak) luke egoitza, eta Kongo, Uganda eta Kolonbiako auzi batzuei helduko lieke, besteak beste. Ez luke galduko Auzitegi Nazionaleko postua.
Espainiako auzitegietan epailearen aurkako hiru kasu daude zabalik: 36ko gerrako eta frankismoko desagertutakoen ikerketako auzia, 2005-2006an New Yorkeko Unibertsitatean egon zenean Banco Santanderren partetik ustez diru laguntza jaso zuen kasua, eta Gurtel auziko inputatu eta abokatu batzuei legez kanpoko entzuketak egiteko aginduaren kasua.
Ezker abertzalearen aurkako operazio ugari agindu izan ditu urteetan Garzonek, eta auzi batzuk oraindik bere esku daude.
justizia
Garzonek Auzitegi Nazionala uzteko eskaera egin du
Espainiako auzitegietan hiru kasu daude zabalik epailearen aurka, eta ez dago eroso. Nazioarteko Zigor Auzitegian aholkulari aritu nahi du. Espainiako Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak bihar jakinaraziko du baimena emango dion edo ez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu