Politika

Garzonek Batasuneko beste hiru mahaikide deitu ditu deklaratzera

Guztira bost lagunek deklaratu beharko dute inputatu gisa, bihar, Baltasar Garzon Espainiako Auzitegi Nazionaleko epailearen aurrean. Pernando Barrena eta Angel Mari Elkano deitu zituen hasieran Garzonek. Gaur, Aizpea Abrisketa, Mikel Zubimendi, Asier Arraiz mahaikideak lagun zituztela egin dute agerraldia eta igandeko manifestazioa beren gain hartzeagatik deitu ditu deklaratzera hiru mahaikide hauek ere. Garzonen arabera, manifestazioaren deitzaileak, Joseba Sayesek, deialdia bertan behera utzi duenez, "legez kanpoko ekitaldia" bihurtu da.

2006ko abuztuaren 9a
17:34
Entzun
Horrelaxe erabaki du Garzon epaileak, gaur goizean Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak deitzaileak manifestazio deialdia bertan behera utzi duela jakinarazi ostean. Garzonek Josea Sayes deitzailea inputatu gisa deitu zuen atzo deklaratzera. Gaur, berriz, deialdia bertan behera uzti duela-eta, lekuko gisa baino ez deitzea erabaki du Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak.

Barrenak, inputatu gisa deklaratu beharko duten beste lau mahaikideekin (Aizpea Abrisketa, Mikel Zubimendi, Asier Arraiz eta Anjel Mari Elkano) egin du gaur agerraldia eta ez du deialdia bertan behera geratzeari buruzko ezer esan prentsaurrekoan. Soilik adierazi du igandekoa bezalako manifestazioek "erabateko zentzua" dutela egungo testuinguruan. Hauexek izan dira hitzez hitz Barrenaren adierazpenak: "euskal herritar guztion zeregina da prozesuak aurrera egin dezan behar den iniziatiba hartzea. Testuinguru horretan aurkitzen du erabateko zentzua autodeterminazioaren eskubidearen alde igandean burutuko den mobilizazioak".

Prozesua "arrisku bizian" jarri du PSOEk Batasunaren aburuz

Larritasuna adierazi du Pernando Barrena Batasuneko mahaikideak gaur Donostian kazetarien aurrean egin duen agerraldian. Larritasuna, prozesuak aurrera egiteko moduko baldintzak ez direla ari sortzen uste dutelako; areago, PSOEk baldintzak horiek sortzeari uko egin diola iritzi dio Barrenak, eta horren ordez ezker abertzaleari erasotzen diola eskura dituen tresna guztien bidez.

Prozesua "arrisku bizian" dagoela esan du Barrenak, eta argi utzi du Batasunaren iduriko PSOEk duela horren errua. Izan ere, aurrera egiteko baldintzak sortzen lagundu ordez, ezker abertzalea erasotuz prozesua eragozteko hautua egin duela uste du Barrenak. Sozialisten egungo jarrera, eskura dituzten tresna guztien bidez ezker abertzelari eraso eta xantaia egitea eta giroa pozoitzea dela salatu du. Besteak beste, bide horretan kokatu ditu igandeko manifestazioaren harira berak, Elkano mahaikideak eta Joseba Sayes deitzaileak jaso dituzten inputazioak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.