Gasteiz eta Bizkaiko unibertsitate campusak lotzeko autobus zerbitzua emateari utziko dio Altube elkarteak

Elkarteak mezu baten bidez jakinarazi du zerbitzua etengo duela. Nerbioi Aran elkarteak kudeatutako Unibus erakundeak hartuko du orain autobusen kudeaketa bere gain, eta aurki jarriko ditu abonuak salgai, orain artekoak baino garestiago.

Ikasleak Leioako campusean, artxiboko irudi batean. LUIS JAUREGIALTZO / FOKU
Ikasleak Leioako campusean, artxiboko irudi batean. LUIS JAUREGIALTZO / FOKU
arantxa iraola
2025eko abuztuaren 19a
12:40
Entzun 00:00:00 00:00:00

Lau hamarralditan kudeatu ditu Altube elkarteak Gasteiztik unibertsitate ikasleak Bilboko eta Leioako campusetara eramateko autobusak, eta milaka ikaslek erabili dituzte, baina, gaur, mezu elektroniko baten bidez, elkarteak jakinarazi du zerbitzua bertan behera uzteko asmoa duela. Adierazi duenez, arrazoi «ekonomikoek» bultzatuta hartu dute erabakia. Urteak egin dituzte zailtasun dezenterekin, eta egun ja zerbitzua ez da «bideragarria», orain arte eman izan duten moduan behintzat.

Adierazi  dute 1984. urtean hasitako bidea horrela eten beharrak «atsekabea» eragin diela. Bizkaiko unibertsitate eremu garrantzitsuenak eta Gasteiz lotu ditu urteotan guztietan autobus zerbitzuak: EHUren Leioako campusa, Sarriko eta Deustuko Unibertsitatea, besteak beste.

Jakinarazi dutenez, egiturazko gastuak diru sarrerak baino handiagoak izan dira azken ikasturteetan, eta ez dute topatu horri konponbidea jartzeko modurik. Egin dituzte ahaleginak egoera ekomikoa «berriz orekatzeko» eta «metatutako zorra» apaltzeko, baina ez dute behar adinako aurrerabiderik egin. 

Unibus erakundeak hartuko du orain zerbitzuaren kudeaketa bere gain, eta lehengo ordutegien oso antzekoak izango dituzte aurrerantzean ere. Dagoeneko webgune bat jarri dute martxan beren jardunaren berri emateko, eta han jakinarazi dute aurki salgai jarriko dituztela abonuak. Orain artekoak baino garestiagoak izango dira. Webgunean ageri denez, Nerbioi Aran elkartea dago zerbitzu horren atzean. Egoitza lehengo tokitik oso gertu dute: Altuberena zegoen eraikin berean, baina beste solairu batean. Esan dute irailaren 8tik aurrera jarriko dutela martxan zerbitzua. Goizez eta arratsaldez ibiliko dira autobusak, aurrez egin izan ohi duten gisan. 

Urte osoko abonua 1.100 eurokoa izango da orain, baldin ordainketa bakar batean egiten bada. Aurrez, Altuberen kudeaketapean, 995 euro pagatu behar zituzten ikasleek. Aurrez egin izan ohi zuten moduan, ordainketa zatika egiteko hainbat bide eskainiko dizkiete ikasleei. Azaldu dutenez, aurrez Altubek erabiltzen zituen enpresa berarenak izango dira autobusak, Cuadrabusenak. 

Altuberen erabakiaren berri izan eta gero, ohar bat atera du La Union autobus konpainiak, eta jakinarazi jende gehien ibiltzen den ordu tarteetan indartu egingo duela zerbitzua. Bilbo eta Gasteiz arteko autobus zerbitzua eskaintzen du, eta bi hirietako campusetara joateko modua ere ematen die bidaiariei. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.