Osoko bilkuraren gehiengo osoaren babesa jaso dut, eta, beraz, harro nago». Gasteizko udaletxearen atarian, aginte makila eskuratu berritan, alderdiak babestuta eta kazetariez inguratuta, pozarren mintzatu zen atzo Maider Etxebarria komunikabideen aitzinean. Ordu erdi lehenago, EAJren eta PPren botoei esker, Gasteizko alkatetza eskuratu zuen PSE-EEkoak. PPren sostengua ezinbestekoa izan zen agintea lortzeko, baina babes horri buruz kazetariek egin galderei izkin egin zien Etxebarriak. «Hiriaren alde lehenbailehen hasiko naiz lanean»; hori besterik ez zuen esan.
EH Bildu izan zen garaile maiatzeko hauteskundeetan, botoetan zein eserlekuetan, baina Rocio Vitero zerrendaburuari bidea itxi diote jeltzaleek eta Alderdi Popularrekoek, eta hautagai sozialistari eman diote aginte makila. Hala, Maider Etxebarriak gidatuko du Gasteizko Udala hurrengo lau urteetan, Gorka Urtaran jeltzaleari lekukoa hartuta.
Ikusi gehiago:Guardian, EAJ; Bastidan, PP; eta Laudion, EH Bildu
Bi alkategai izan ziren buruz buru Gasteizen, alkatetza lortzeko deman: bozetan boto gehien lortutako zerrenda izan zen EH Bilduren ordezkari Rocio Vitero, eta Etxebarria bera. Ezustekorik gabe egin zen saioa. Bederatzi boto jaso zituen Viterok —EH Bilduren zazpi eta Elkarrekin taldearen bi—, eta hemezortzi eskuratu zituen Etxebarriak —PSEren sei, EAJren sei eta PPren sei—.
Txaloz hartu zuten Etxebarriaren alkatetza PSEko eta EAJko zinegotziek. «Ohore bat da niretzat lehenengo alkate emakumea izatea hiri honetan», adierazi zuen Etxebarriak bere mintzaldian. «Gaur, Gasteizek pauso bat eman du aurrera, baina borrokatzen jarraitu behar dugu. Emakumeak biztanleriaren erdia gara, eta emakumeen talentuak tokia irabazten jarraitu behar du. Emakume gehiago behar ditugu», erantsi zuen aginte makila jaso berritan. Gogoratu zuen munduko hemeretzi herrialdetan soilik dutela emakume bat gobernuburu, eta Euskal Autonomia Erkidegoaren kudeaketa postuen %6 baino ez daudela emakumeen esku. «Gauza handia da emakume aurrerakoi bat Gasteizko alkatetzara iristea».
Gobernu ituna, aurki
Gobernabideari begira, berriz, oposizioko taldeei eskua luzatuta jardungo duela agindu zuen Etxebarriak. Izan ere, Gasteizko alkate berriak badaki hauskorra dela osoko bilkuran jasotako babes zabala, hurrengo lau urteetan ez baititu ziurtatuak izango PPren botoak, eta oposizioaren sostengua bilatu beharko du ezinbestean. Horregatik, bere hitzaldian behin eta berriz azpimarratu zuen oposizioaren «konplizitatea» lortzeko nahia: «Ziklo berri hau erantzukizun partekatu batean oinarrituta eraikiko da».
Lehen zeregina, baina, jeltzaleekin gobernu akordioa egitea izango da, eta Etxebarriak esan zuen «lehenbailehen» itxi nahi duela ituna. EAJrekin sinatutako gobernabiderako akordioaren balioa goratu zuen Eneko Andueza PSEko idazkari nagusiak ere. Etxebarriari babesa ematera joan zen sozialisten burua Gasteizera, eta argi eta garbi utzi zuen PP ez dutela batuko gobernu akordiora. «Guztiz baztertzen dut PPrekin gobernu ituna egitea». Nolanahi ere, «eskuzabal» jokatuko dutela erantsi zuen, eta agintaldian talde guztiekin «unean uneko akordioak» lortzeko prest egongo direla ziurtatu.
Oposizioko taldeen balorazioa, berriz, gazi-gozoa izan zen. Interpretazio gazia egin zuten EH Bildu eta Elkarrekin-ek. Viterok EAJri eta PSEri aurpegiratu zien herritarrek eskatutako «aldaketa aurrerakoiari» bizkarra ematea eta, gainera, «eskuin atzerakoiena» makulu hartuta egitea. «Haiek jakingo dute zein preziotan». Ziurtatu zuen EH Bilduk lanean jarraituko duela «ziklo politiko berria sendotzeko», eta uztailaren 23ko hauteskundeetan ere erakutsiko dutela indarra. «Gaur ez da ezer amaitzen. Gaur hasiera baino ez da», esan zuen Viterok.
Garbiñe Ruiz Elkarrekin taldeko zinegotziak salatu zuen PSEk «Ayusoren PPrekin» elkartzea lehenetsi duela «ezkerreko koalizio progresista» baten aldean. PSEren erabakia «ulertezina eta etsigarria» dela iritzi zion, eta «ziklo aldaketa zapuztea» egotzi zien sozialistei.
Ainhoa Domaika PPren zinegotzia, berriz, pozarren agertu zen. Nabarmendu zuen PPri esker EH Bilduk ez duela aginduko Gasteizen, eta agintaldi berrian ere PP «funtsezkoa» izango dela. «Egonkortasuna» bermatzeko eskua luzatu zien EAJri eta PSEri.
Udalen osaketa. Gasteiz
Gasteiz. PPren botoei esker, Etxebarria alkate
Espero bezala, EAJk eta PPk Maider Etxebarriaren alde egin dute, eta PSE-EEren esku utzi dute Gasteizko Udaleko aginte makila. Rocio Viteroren hautagaitzak Elkarrekin taldearen babesa jaso du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu