Estatus politikoari buruzko galdeketa egiteko bidea hasia zuten Gasteizen, baina, asmoarekin jarraitu edo ez erabakitzeko, batzar bat egin zuten joan den astelehenean. Hala Bedi irratiak zabaldu zuenez, 27 lagunek bozkatu zuten kontsultari eustearen aurka, eta 22k alde. Bost lagun abstenitu ziren.
Asteartean zabaldu zuen mezua Gasteizko Gure Esku Dago-k: "Atzoko [asteleheneko] batzarrean erabaki zen moduan, 2018an ez da herri galdeketa egongo Gasteizen. Baina horrek ez du esan nahi lana amaitu denik, auzoko eta lantaldekoak osatuko dituen talde sustatzaile bat sortuko da, eta auzoz auzo jarraituko da erabakitzeko eskubidearen dinamika zabaltzen".
Jadanik 177.000 herritarrek parte hartu dute Euskal Herriko estatus politikoaren inguruan orain arte antolatutako galdeketetan. Aurreko galdeketetan esku hartu zuten herritarrei beste 21.028 batu zitzaizkien azaroaren 5ean Gipuzkoako eta Bizkaiko hamahiru herritan antolatutakoetan. Tartean izan zen Getxo: orain arte galdeketak egin dituztenen artean, udalerri handiena.
Gasteiz baztertuta, Donostia izan liteke tankera horretako kontsulta bat antolatzen duen lehen hiriburua. Zeregin horretarako elkarte bat sortu dute, Donostia Galdeketa, eta bihar goizean aurkeztuko dute. Bertan izango dira egitasmoa babesten duten alderdi eta sindikatuetako ordezkariak, herritar ezagun ugariz gain.