Ingurumena

Gasteizen gasa bilatzeko zundaketa baimendu du Espainiako Gobernuak

Armentia 2 izeneko putzuak ingurumenean izango duen eraginaren txostena egitasmoaren aldekoa izan da.

Berriztuko kideak, iaz Armentia 2 proiektuari helegiteak aurkeztu zizkiotenean. RAUL BOGAJO / FOKU
gotzon hermosilla
2019ko azaroaren 27a
14:00
Entzun

Espainiako Ingurumen Ministerioaren Bioaniztasun eta Ingurumen Kalitatearen Zuzendaritza Nagusiak atea ireki dio lur azpian gasa bilatzeko Armentia 2 zundaketari. Espainiako Aldizkari Ofizialean argitaratutakoaren arabera, ingurumen txostena aldekoa izan da.

Putzua Gasteizen egin nahi dute, Subilla Gasteiz herrixkako lurretan, zehazki, 1997an Armentia 1 putzua egin zuten lekutik oso gertu. Txostenaren arabera, zundaketa hartan frogatu zen leku hartan gasa zegoela, eta "ingurumenari aparteko kalterik eragin gabe" egin zela.

Txostenean baztertu egiten da zundaketa fracking edo haustura hidraulikoko teknikak erabiltzea, eta "30 gradu makurtutako zulo bat egitea" hobesten da.

Txostenean nabarmentzen dute inguru hori lehenagotik ere "gizakien eraginez eraldatua" izan dela eta ez dagoela interes geologiko bereziko edo gune naturalen legediak babestutako leku batean. Halaber, ez dute lurrikarak sortzeko aparteko arriskurik sumatu. Ura kutsatzeko arriskua ere baztertu dute txostenean.

Zundaketa Gasteizko Udalaren Hiri Antolamenduaren Plan Orokorrarekin bateragarria ote den ere aztertu dute txostenean, baina horren inguruan ez dute ondorio argirik atera. Txostenean agertzen denez, hori "administrazio auzia" da, eta epaileei dagokie horren inguruan ebaztea.

Egitasmoari ekiteko baimena eman arren, zundaketak bete beharreko baldintzak ere zerrendatu ditu Espainiako Ingurumen Ministerioak, Espainiako Aldizkari Ofizialean argitaratutako ebazpenean.

Egitasmoa aurkeztu zenean, kontrako iritziak ere piztu zituen, eta Berriztu plataformak helegiteak aurkeztu zituen 2018an. 2.000 herritarrek babestu zituzten helegite horiek.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.