2015. urtean oinezkoen etxadietan banatuko da Gasteiz. Mugikortasun iraunkorra bermatzeko eta hirian «egoteko guneak» berreskuratzeko Bartzelonan (Katalunia) aspaldi ezarritako eskema baten alde egin du Udalak. Hala, Gasteizko Mugikortasun Iraunkorraren Planak hirian dauden garraio sareak aztertu, eta horiek birmoldatzeko jarduerak bildu ditu. Aurten lehenbiziko neurriak martxan jarriko ditu Udalak, zortzi urteko epean Gasteiztik mugitzeko eredu berria ezartze aldera.
Lau jarduera nagusi zehaztu ditu planak: autoaren zirkulazioa berrantolatzea, garraio publikoaren sarea goitik behera aldatzea eta tranbiaren sarea biltzea, bizikleten bide sarea finkatzea, eta hiriaren interesguneak lotuko dituen oinezkoen sarea osatzea.
Garraio sareahierarkizatzea
Kaleak bi sare motatan banatuko lirateke: oinarrizko sarea eta oinezkoen etxadiaren barruko sarea. Oinarrizko sarea ahal den ortogonalena izango da, eta autoen zirkulazioa eta garraio publikoa jasoko ditu. Barruko sarean pasadizoko zirkulazioa desagertuko da, eta oinezkoek izango dute lehentasuna, nahiz eta bizilagunen eta zerbitzuetako autoekin partekatuko dute gunea. Halaber, kasu batzuetan, bereizitako bizikleta sarearekin partekatuko dute. Oinezkoen etxadiaren barruan kaleak sekzio bakarrekoak dira, eta autoen abiadura oinezkoaren abiadurara egokituko da. Gasteizko oinezkoen etxadien sareak hiru saihesbide aurreikusten ditu. Saihesbideak kaleen bitartez lotuta daude,eta hirian sartzeko eta ateratzeko balio dute.
Garraio sareak integratu
Garraio mota bakoitzaren arabera antolatutako sare bereizian, hiriko mugikortasun osoa berrantolatuko da. Era horretan, garraio moduen arteko gatazkak gutxituko lirateke, oinarrizko sarean garraio bakoitzak dagokion abiaduran joateko aukera duelako.
Garraio pribatua mugatu
Autoaren nagusitasuna mugatzea eta garraio publikoa zein bizikleten eta oinezkoen joan-etorria bultzatzea da egitura berriaren helburua. Izan ere, Bizkaiko eta Gipuzkoako beste herriekin alderatuta, garraio pribatuaren erabilera handia antzematen da Gasteizen, eta garraio publikoaren oso erabilera eskasa. Gainera, azken urteotan asko handitu da autoa erabiltzeko joera.
Autobus sare eraginkorra
Aldiz, hiriko autobusa oso gutxi erabiltzen dute Gasteizen, herritarrek batez beste 15 minututik gora itxaron behar baitute autobusa hartzeko. Gainera, autobus linea gehienak soilik hiri erdira joateko diseinatuta daude. Hortaz, planak autobus sare berria diseinatu du hiri osoa biltzeko eta autobus aldaketa bakarra eginez hiriko edozein tokitara joateko. Hala, oraingo 17 linea desagertuko dira, eta sei linea nagusi ezarriko dira. Bereizitako bideetatik joango dira autobusak, eta tranbiaren linearekin eta bidaiari asko eramateko bi autobus berriekin osatuko da sarea.
Bizikleta garraiotzat hartu
Egungo sarean bizikletarako bideek hiria inguratzen dute, kirolarekin eta aisialdiarekin lotutako elementua soilik izango balitz bezala.Txirrindularientzako 78 kilometroko sarea baldin badago ere, ibilbideen arteko loturarik ez dago, eta horrek bizikletaren ohiko erabilera trabatzen du. Gainera, tarte batzuk oso arriskutsuak dira. Planak ibilbideen arteko lotura hobetzeko eta luzatzeko neurriak proposatzen ditu, eta bide bereiziak eraikitzearen beharra nabarmendu du. Erabiltzaileen beharretara egokitutako sare eraginkorragoa izango da, eguneroko joan-etorriak bermatzeko prestatuta.
Zamaketa eta hustuketa lanak
Planaren arabera, oinezkoen etxadietan oinarritutako hiri batean errazagoa da jarduera logistikoek behar dituzten ordutegiak eta guneak antolatzea. Izan ere, gune publiko gehiago dago eta horiek kontrolatzeko aukera gehiago dago, oinezkoen etxadietan sartzeko eta ateratzeko sistema bizkorren bitartez, esate baterako. Halaber, etorkizunera begira, lur azpiko gune logistikoak eraikitzea proposatzen du planak, zamalanak kalean egin beharrean lur azpian egiteko.
Aparkatzeko lekua
Autoak kaleetan aparkatzeko joera murriztu behar dela dio planak, eta lur azpiko aparkalekuak eraikitzea proposatu du. Gainera, hiriko sarreretan aparkalekuak eraikiko lirateke garraio sare publikoarekin lotuta, nahi duen orok autoa kanpoan utzi, eta hiritik garraio publikoan mugitzeko.
Iristeko erraztasuna
Igarotzen den zirkulazioari jarritako mugari esker, eta kaleen diseinuan egin beharko diren hainbat aldaketa medio, iristeko erraztasun baldintzak hobetuko lirateke, batez ere mugikortasun arazoak dituzten lagunentzat, haur kotxeak eramaten dituztenentzat, eta adinekoentzat. Halaber, taxiek, bizikletek, zerbitzuetako ibilgailuek eta larrialdietako autoek tokia izango dute oinezkoen etxadien barruan.
Gune publikoendiseinu berria
Oinezkoen etxadien barruan igarotzen diren ibilgailuak desagertzeak zirkulazioaren bolumena murriztea dakar, eta oinezkoek oso epe laburrean gune horiek okupatzea ahalbidetzen du. Hala, kutsadura, zarata eta segurtasun faltaren sentsazioa murrizten dira, eta gune horiek egoteko eta gozamenerako berreskuratzen dira. Espazio publikoak erabilera eta funtzio berriak berreskuratuko ditu, esate baterako, jolasteko, aisialdirako, herriko jaietarako... Kaleak harremanetarako duen funtzioa berreskuratuko du, eta hiriko diseinuko elementu berriak ezartzeko aukera sortuko da. Gainera, Gasteizen, oinez egiten dira joan-etorri gehienak (2006. urtean %50) eta ondorioz, oinezkoen sare bat eraikitzeko baldintza ezin hobeak daude. Sareak hiriko gune garrantzitsuenak lotuko ditu: merkatuak, udal bulegoak, gizarte etxeak, antzokiak...
Gasteizen mugitzeko mapa berria
Gasteizko Mugikortasun Iraunkorraren Planak oinezkoen hiri berria diseinatu du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu