Gizonak bi biktimen kontra «defentsarako era oro» eragotzita jardun zuela ebatzi dute. Akusatuaren defentsak ahalegina egin du adierazteko burutik ongi ez zegoela gizona erasoa egin zuenean. Gau hartan hainbat ahots aditzen zituela esplikatu zuen epaiketan, eta haien agindua jarraitu zuela. Hitza hartu duten perituek, ordea, ez dute tesi hori berretsi. Akusazioak «antzerkia» egiten aritzea egotzi dio akusatuari, eta herri epaimahaiak ere ez du ikusten haren jokabidea zuritzeko erarik: atzera bota dute akusatua ez zela bere buruaren jabe erasoa egin zuenean.
Defentsak, halaber, umearen amari egindako erasoan lesioak bakarrik egoztea nahi zuen, baina herri epaimahaiak hura hiltzeko ahalegina ikusi du. Erasoa egin zuenean gizonak 30 urte zituen; umearen amak,18. Aste batzuk lehenago ezagutu ziren biak, eta gizonak proposatuta joanak ziren biak haren etxera. Irakasle ziharduen akusatuak Gasteizen.
Herri epaimahaiaren ebazpena aintzat hartuko du orain epaileak epaia emateko eta zigorra ebazteko. Espainiako legediko zigorrik gogorrena nahi dutela berretsi zuten atzo akusazioek —umetxoaren gurasoak eta Clara Campoamor elkartea— eta fiskaltzak; espetxealdi iraunkor berrikusgarria ezartzea nahi dute. Helegitea jartzekoa da defentsa.