Gasteizko Alde Zaharrean bizi den familia bat «kalean» geratzeko arriskuan dagoela salatu dute

Lau lagun dira, bi heldu eta bi adingabe; Alde Zaharreko auzokideek eta hainbat kolektibok agerraldi bat egin dute, eta salatu dute sendi horren egoera «larria» bada ere Gasteizko Udalak ez diela eman inolako irtenbiderik.

Gasteizen gaur ilunabarrean egindako agerraldia. BERRIA
Gasteizen gaur ilunabarrean egindako agerraldia. BERRIA
arantxa iraola
2026ko ekainaren 29a
21:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Gasteizko Alde Zaharrean bizitzen hamalau urte daramatzate, errentan 75.600 euro ordaindu dituzte urteotan guztiotan, eta bi ume dituzte, 8 eta 10 urtekoak. Gasteizko Alde Zaharreko bizilagunek eta hainbat kolektibok «kalean» geratzeko arriskuan dagoen familia baten ezaugarri horiek nabarmendu dituzte gaur ilunabarrean, agerraldi batean. Salatu dutenez, sendi horren egoera «larria» bada ere, Gasteizko Udalak ez die inolako irtenbiderik eman.

Ramon Bajo ikastetxeko ikasleak dira bi umeak, eta zentro horretako hezkuntza komunitateko parte dira egoeraz arduratuta kalera atera diren kideetako batzuk. Familiak bizi duen ataka zailak haurrengan duen eragina ekarri dute gogora: «Horrek zuzenean eragiten du haien osasunean eta ikaskuntza prozesuan. Imajina dezakezue ikasturtea amaitzea eta ez jakitea datorren urtean ikasgela horretara itzuliko zaren edo ez?». Era horretan «hezkuntza eskubidea» ezin dela bermatu gogoratu dute. «Horregatik elkartu gara gaur hemen. Familiari gure babes osoa adierazteko, erakundeei etxebizitza duina eskatzeko eta auzoko beste eragile batzuekin sarea osatzeko, etxebizitzaren arazoari aurre egiteko».

Hirian alokairuaren batez besteko prezioa 1.200 euro baino gehiagokoa dela gogoratu dute, eta, ondorioz, «eskuraezinak» direla diru sarrera apalak dituzten familientzat. Eta arazoak metatu egiten dira askotan: «Arrazoi ekonomikoengatik ez ezik, bazterkeria sistema arrazista eta klasistaren ondorioz ere ezin dutelako etxebizitzarik eskuratu». Hor neurri eraginkorrak hartzeko eskatu diete Gasteizko Udalari eta gizarte zerbitzuei.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA