Gasteizko Arriaga parkea bere horretan nahi duten edo geltoki intermodala han egitea nahi duten, horri erantzun zioten herenegun Arriaga-Lakua auzoko bizilagunek. SOS Arriaga Parkea taldeak antolaturiko herri kontsultan, antolatzaileek espero baino jende gehiagok parte hartu zuen: 2.679 pertsonak. Gehienek, %99k, Arriaga parkea errespetatzearen aldeko botoa eman zuten. Hala, udalak bultzatutako geltoki intermodalaren aurka daudela azaldu zuten Lakua-Arriagako auzokideek, eta proiektuan ezinbestez parte hartu behar dutela herritarrek.
Galdera bakarrari erantzun behar izan zioten igandean Gernikako Arbola kaleko bozkalekura joan ziren auzotarrek: Arriaga parkea bere hartan errespetatzearen aldekoak diren edo ez. Denera, 2.679 pertsonak eman zuten iritzia. Haietako 1.141 auzokoak ziren, hau da, Lakua-Arriagako hautesle erroldan daudenen %13k bozkatu zuten. Gainera, 489 adingabek eta Gasteizko beste auzoetako 1.049 herritarrek eman zuten botoa.
Udalak bereari eutsiko dio
Udalak nahi duen geltoki intermodala egiteko, Arriaga parkearen herena beharko litzateke. Galdeketaren antolatu duen taldeak udalari eskatu dio kontuan izateko aurkako botoak eta proiektua berriro aztertzeko. Patxi Lazkoz alkateak, berriz, gutxietsi egin du kontsulta: «Gasteiztarren %1ek ere ez zuen parte hartu». Horrenbestez, udalak jakinarazi du ez duela atzera egingo geltokia egiteko proiektuan.
Gasteizko Arriaga parkea babesteko eskatu dute
Geltokiaren proiektuan auzotarrek parte hartzea eskatu dute; %99k geltokiaren aurka egin dute galdeketan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu