«Ez daukagu zalantzarik gure semearen hilketa hainbat huts instituzionalek eragin zutela». Otsailaren 23ko goizaldean Gasteizko Mitika dantzalekuaren kanpoaldean hil zen 31 urteko gizonaren gurasoek uste dute erakundeek eragotz zezaketela semea hiltzea, batez ere Gasteizko Udalak.
Gizona Mitika dantzalekuaren kanpoaldean zegoela, lekukoen esanetan, dantzalekuko atezain batek kolpe bat eman zion buruan, ez zedin barrura sartu. Gizona lurrera erori eta hil egin zen. Ertzaintzak atxilotu egin zuen atezaina, eta Gasteizko 3. Instrukzio Epaitegiak erabaki zuen behin-behinean espetxeratzea, maltzurkeriaz egindako hilketa edo dolozko giza hilketa egotzita.
Gurasoek gutun bat bidali diete Eusko Legebiltzarreko taldeei. Eskatu diete beharrezko lege aldaketak bultzatzeko eta behar diren neurri guztiak hartzeko, «antzemandako hutsak identifikatzeko eta zuzentzeko». Ez dute nahi haiei gertatua berriro gertatzerik. Nahi dute eskumenak nori dagozkion argitzea, erakundeen betebeharrak indartzea eta udalei «tresna eraginkorrak» ematea, arriskuen aurrean arduraz jarduteko: «Egungo legeen interpretazioak zalantzak sortzen baditu, uste dugu argitzeko eta indartzeko garaia iritsi dela, erakunde bakoitzak argi izan dezan nola jokatu behar duen antzeko egoeretan».
Ikusi gehiago
Bihar, hain zuzen, gai horri buruzko EH Bilduren mozio bat eztabaidatu eta bozkatuko dute Eusko Legebiltzarrean: haren bidez, eskatuko dute berrikus dadila dantzalekuetako eta halako lokaletako harrerako eta kontrolerako langileen araudia, indarkeriazko jokabideei «erantzun egokia emateko», gaiari buruzko eskuduntzak dituzten erakundeen artean eginkizunak nola banatu «argitzeko eta errazteko» —langileak gaitasunik gabe utzi behar diren kasuetan batez ere—, eta lanbide horretarako lizentzia lortzeko proba teoriko, praktiko eta psikoteknikoetan eduki gehiago sartzeko.
Gurasoek hilketatzat jo dute semeari gertatutakoa: uste dute ez zela «istripua» izan. Dantzalekuko atezainari egotzi diote hilketa, baina gehitu dute Gasteizko Udalaren ardura dela dantzalekuko segurtasuna.
«Jakina zen»
«Gasteizko gaueko giroarekin harreman estua zutenen artean jakina zen Mitika dantzalekuan arazoak ez zituztela bezeroek sortzen, sarreraren kontrolatzaileek baizik; indarkeria edozeinekin eta modu neurrigabean erabiliz, normaltzat hartutako eta onartutako joera batean», salatu dutenez. Nabarmendu dute Gasteizko Udaltzaingoan «gutxienez urtebete lehenagotik» bazekitela hori: gurasoen arabera, udaltzaingoko instruktore batek nagusiak oharatarazi zituen atezazin horren «arriskuaz».
Beste ohartarazpen bat ere egin zien instruktoreak: dantzalekuan sarbide kontrolerako erabiltzen zuten gunea legez kanpokoa zela. «Sarrera nagusitik aldendua, bideozaintzarik gabea, argiztapen urrikoa, ikuspen txarrekoa eta oztopo fisikoz betea», azaldu dute gurasoek. «Gainera, espazio hori espresuki hautatua izan zela adierazi zuen [instruktoreak], bortizkeria zigorgabeago gauzatzeko».
Udaltzainen instruktorearen salaketei kasurik ez egitea egotzi diete udaltzaingoko arduradunei eta Gasteizko Udalari: «Udalak ezin du bere erantzukizunetik ihes egin kontu teknikoak aitzakia gisa erabilita. Estatuko, autonomia erkidegoko eta tokiko araudiek argi uzten dituzte udalek dituzten eskumenak segurtasun arriskuen prebentzioan eta ikuskaritzan». Uste dute Gasteizko Udalak bazuela modua espedienteak zabaltzeko, baimenak kentzeko edo zigorrak jartzeko. «Gure semeak merezi zuen erakundeek gutxieneko ardurak hartzea», salatu dute, «baina haren udaleko alkatetzak uko egin zion horri, nahiz eta semea bertako langilea izan».