Gasteizko Mitika dantzalekuko atarian hildako gaztearen senitartekoek zigorrak eskatu dituzte dantzalekuarentzat eta Le Basque Services enpresarentzat, beraiek arduratzen baitziren segurtasun alorreko langileak kontratatzeaz. Arau hauste administratibo «oso larriak» izan direlakoan egin dute eskaria, Jendaurreko Ikuskizunen eta Jolas Jardueren Legea oinarri hartuta. Maider Etxebarria Gasteizko Udaleko alkateari idatziz egin diote eskakizuna, gaur.
Gizona Mitika dantzalekuaren kanpoaldean zegoela, lekukoen esanetan, dantzalekuko atezain batek kolpe bat eman zion buruan, ez zedin barrura sartu. Gizona lurrera erori eta hil egin zen. Ertzaintzak atxilotu egin zuen atezaina, eta Gasteizko 3. Instrukzio Epaitegiak erabaki zuen behin-behinean espetxeratzea, maltzurkeriaz egindako hilketa edo dolozko giza hilketa egotzita. Preso dago Zaballako espetxean, behin-behinean, eta epaileak giza hilketa edo hilketa delituak egozten dizkio.
Hildakoaren senitartekoek zigor administratiboak ezartzeko bidea zabaldu nahi dute, «atezainen artean protokolo egokirik izan ez zelako, prestakuntza falta delako eta beharrezko prebentzio neurriak falta zirelako». Ildo horretan, udaltzaingoaren hiru atestatu aurkeztu ditu sendiak, eta, haietan zer esaten den ikusita, «agerikoa da dantzalekuak eta atezainak bezeroaren aurka indarkeria erabili zutela eta arauak behin eta berriz urratu dituztela. Tartean, Jendaurreko Ikuskizunei eta Jolas Jarduerei buruzko abenduaren 23ko 10/2015 Legean arau hauste oso larritzat sailkatutako bi».
51.6 artikulua da bat. Hark onarpen eskubidea arautzen du, eta familia sinetsita dago erabilitako indarkeria «gehiegizkoa» izan zela. Halaber, 51.3 artikulua aipatu dute. Gutxieneko segurtasun neurriak zehazten ditu, eta senitartekoentzat, erabilitako indarkeria «abusuzko adierazpentzat» har daiteke.
Biktimaren senideen ustez, atezainek egindako erasoengatik idatzitako hiru atestatuak «nahikoa froga» dira administrazio neurriak hasteko. Gainera, ikerketa formala abiarazteko «argudio sendoa» direla diote, eta, tartean dauden norbanakoez gain, haien arduradunak eta enpresak ere zigortzeko modukoak direla diote.
Enpresak eta udala, begiz jota
Gaineratu dute enpresek bazekitela langileek nola jokatzen zuten, eta segurtasun kamerarik gabeko tokiak baliatzen zituztela eraso egiteko. «Baina ez zuten neurririk hartu», salatu dute. Haien ustez, «gertatutakoaren larritasuna segurtasunaz arduratzen diren langileen gaineko kontrol eraginkorrik ez egotearen ondorio da, eta, beraz, tolerantziaz jokatzen da edo babes esplizitua emateko jarrera hartzen da, indarrean dagoen araudia larriki urratzen duten jarduerak daudenean».
Udalari ere hartu diote kargu. Ezbeharra gertatu baino lehen ere bide administratibotik jarduteko «nahikoa elementu» zegoela uste dute, baina «utzikeria» salatu dute. Aurretik ere instituzioen «hutsekin» lotu dute ezbeharra. Azkenik, Gasteizko Udalari eskatu diote Eusko Jaurlaritzarekin batera neurri «egokiak» garatu ditzala, halakoak gertatu ez daitezen.