IRADIER ARENA

Gasteizko PPko zinegotzi ohi bat ikertzeko eskatu du fiskalak

Iradier Arenaren alokairuaren prezioa %90 urritu zutelakoan, prebarikatzea eta diru publikoa modu bidegabean erabiltzea egotzi die fiskalak Encina Serrano zinegotziari eta udaleko teknikari bati.

Iradier Arenan 2012an eginiko ekitaldi bat. JUANAN RUIZ / ARGAZKI PRESS
2015eko martxoaren 18a
09:40
Entzun

Udaleko oposizioko talde guztiek Javier Maroto egin dute erantzule, eta hark Serrando babestu du. Eraikinaren alokairuko prezioa murriztuta, udalak 1,3 milioi euro irabazteari utzi ziola kalkulatu dute; Marotok Serranoren jarduna onetsi du, neurri horrek Iradier Arenara ekitaldi gehiago erakarriko zituela iritzita.

PSEk 2013ko uztailean aurkeztu zuen salaketa Serranoren eta Enrique Ruiz de Gordoa teknikariaren aurka. 2013ko azarora arte izan zen Serrano Kultura Plangintza eta Festa zinegotzia. Fiskalak salaketa aztertu zuen, eta deklaratzera deitu zituen Serrano, Ruiz de Gordoa eta Manu Uriarte, egungo Ogasun zinegotzia, Iradier Arenan ekitaldiak egin zituzten hainbat sustatzailez gain.

PSEk salatu zuenez, 2012ko martxoaz geroztik hamalau aldiz ezarri zituzten ogasun hobariak, udal ordenantzan ezarritako irizpideak errespetatu gabe. 18.127 euro bildu zituen udalak hamalau ekitaldi horietan, baina hobaririk gabe, 1,3 milioi jasoko zituzkeen.

Marotok PSE jomugan

Iazko urrian, Euskal Autonomia Erkidegoko Kontu Auzitegiak kritikatu zuen udalak 2008 eta 2013 artean 30 ekitaldiri eman zizkiela %90eko diru laguntzak. Instrukzio epaileak erabaki beharko du auziari heltzen dion.

Javier Maroto alkateak, ordea, gogorarazi du PSEk ere hobariak eman zituela 2011ra arte, Iradier Arenara ekitaldiak erakartzeko. Argudiatu du hobari horien helburua zela eraikin horretan ekitaldiak sustatzea eta kontzertu eta abarrak, Bilbo edota Logroñon egin ordez, Gasteizen egitea.

Gainera, Marotok ukatu egin du udalak dirua irabazteari utzi ziola: "Ez genukeen euro bat ere irabaziko, kontzertu horiek ez baitzetozen Gasteizera hobaririk ezarri ezean".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.