Raquel Martinez Gasteizko PPko zinegotzi ohiari eta Bonifacio Covarrubiasi, haren bikotekideari, seina urteko espetxe zigorra ezarri die Arabako Auzitegiak gaur. Hamalau laguni iruzur egitea leporatu die. Zehazki, babes ofizialeko etxebizitzak lortzeko ustezko erraztasunak diru truke eskaintzea da egotzi diena. Espetxe zigorraz gain, 200.000 euroko kalteordaina ordaindu beharko diete Martinezek eta Covarrubiasek iruzurraren biktimei.
Martinez 1999 eta 2003 bitartean izan zen PPko zinegotzi Gasteizko Udalean. 2004an, alderditik bota zuten. Leporatutako delituak, ordea, 2005 eta 2007 artean egindakoak dira, epaiaren arabera. Martinezek eta Covarrubiasek Gasteizko Udalean zituzten "harremanei" esker babes ofizialeko etxebizitza bat lortzeko erraztasunak izanen zituztela sinestarazi zieten bezeroei, eta horiek 6.000 eta 38.000 euro artean ordaindu zieten, epaiak dioenez.
Martinezek lehenago ere bertze zigor bat jaso zuen arrazoi berberagatik, eta bere helegitea Espainiako Auzitegi Gorenean dago. Azken auzi honengatik, berriz, 2007an atxilotu zituzten Martinez eta Covarrubias, eta geroztik behin behineko askatasunean egon dira. Oraingoan ere helegitea aurkezteko aukera dute.
Gasteizko PPko zinegotzi ohi bati sei urteko espetxe zigorra ezarri diote, iruzur egitea leporatuta
Hamalau lagunei diru truke babes ofizialeko etxebizitzak lortzeko ustezko erraztasunak eskaintzea egotzi dio Arabako Auzitegiak. Haren bikotekideari ere zigor berbera ezarri dio.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu