Gasteizko Udalak ez du eskatuko Gardelegin «hondakin arriskutsuak» biltzeko ingurumen baimena. Horrela adierazi du ohar baten bidez, Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Iraunkortasun eta Ingurumen sailburuak egindako proposamenari kontra eginez.
Aste honetan iragarri du Tapiaren sailak hondakinak kudeatzeko hurrengo urteetako bide orria, eta, esan duenez, industria hondakinetarako hiru zabortegi handituko ditu —Igorrekoa, Bistibietakoa eta Beteartekoa—, eta beste bi berriro ireki— Epelekoa eta Artxandakoa—.
Hain zuzen, Mallabiko Udalarekin harremanetan jarri da BERRIA Betearteko zabortegiaren lanez galdetzeko, eta udalak adierazi dio «prentsaren bidez» izan duela egokitzapen horren berri.
Horrez gain, zabortegi batzuetan —Gasteizko Gardelegiko zabortegian, besteak beste— «fibrozementuzko hondakin estrukturalak baldintza egokietan hartuko dituzten itxitura espezifikoak» sortzeko proposamena egin zuen, 2024. urtetik aurrera. Halako hondakin arriskutsuak hartzeko, beharrezkoa da ingurumen baimena egokitzeko eskatzea, baina Urtaranek uko egin dio eskaera hori egiteari: «Udala da zabortegi horren jabea, eta, beraz, baimen hori eskatu behar duena. Eta ez du eskatuko».
Tapiak adierazi du Gasteizko Udalarekin «lanean» ari dela Jaurlaritza, hondakin horiek Gardelegin hartzeko «aurreakordio bat» egiteko. Gaineratu du beharrezkoa ikusten duela Arabako hondakindegian fibrozementua hartzea. Gasteizko Udalak, ordea, ezezkoa eman dio proposamen horri, eta azaldu du udalaren aurreikuspenek «datozen 8-10 urteetarako edukiera» bermatzen dutela, eta epe hori bukatutakoan baloratuko dutela edukiera hori handitu edo ez.
«Gardelegiko zabortegia egonda, ez da zentzuzkoa inguruko fibrozementua beste leku batera eramatea». Horrela erantzun dio Tapiak Gasteizko Udalak egindako adierazpenei. Adierazi du Gasteizko Udalarekin «hitz egin beharra» dagoela, eta inguruko udalerriekiko «erantzukizuna eta elkartasuna» eskatu dio.
Azaldu duenez, Arabako industriatik sortzen diren hondakinak «modu modernoan eta zentzuz» bideratu behar dira. Horretarako aukerarik egokiena Gardelegiko zabortegira eraman eta zelda espezifikoetan sartzea da, Tapiaren aburuz.
«Berandu goaz»
Jose Ignacio Asensio Gipuzkoako Ingurumen diputatu eta PSE-EEren Gipuzkoako idazkari nagusia ere mintzatu da Jaurlaritzak atzo aurkeztutako planaren inguruan. Begi onez ikusi du Tapiaren proposamena, baina iritzi dio «birziklapen eta balorizazio azpiegiturak» sortzeko prozesua «azkartu beharra» dagoela, martxan dauden hondakindegiak ixteko. «Berandu goaz», adierazi du elkarrizketa batean.
Gasteizko Udala amiantoa Gardelegira eramatearen aurka agertu da
Arantxa Tapiak «erantzukizuna eta elkartasuna» eskatu dizkio Urtarani, eta esan du Jaurlaritzak udalarekin lanean jarraituko duela
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu