Asteazkenean gizon batek emakume bati egindako sexu erasoa gaitzesteko elkarretaratzea egin du gaur Gasteizko udalbatzak. Hala, indarkeria matxistaren aurkako borrokarekiko konpromisoa eta biktimarenganako hurbiltasuna agertu ditu udalak.
Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak emandako datuen arabera, Ertzaintzak 64 urteko gizon bat atxilotu zuen asteazken arratsaldean Gasteizen, emakume bati sexu erasoa egitea egotzita. Bere etxean garbiketa lanak egitea proposatu zion gizonak, eta han eraso egin ziola salatu zuen emakumeak. Ertzaintzan salaketa jarri zuen andrazkoak, eta Poliziak etxean atxilotu zuen gizona; aurrekariak zituen.
Eraso hori salatzeko bost minutuko isilunea egin du gaur Gasteizko udalbatzak Plaza Berrian, eta ondoren Beatriz Artolazabal alkateordeak azpimarratu du beharrezkoa dela gizarte osoak indarkeria matxistaren aurka eta berdintasunaren alde lan egitea. Erasoaren aurkako «gaitzespen irmoa» agertzeaz gain, Artolazabalek esan du indarkeria matxistaren aurrean gizarteak ezin duela beste alde batera begiratu: «Ez dago emakumeen aurkako indarkeriarako justifikaziorik eta aitzakiarik. Baina gaitzesteaz gain, jardun behar dugu. Berdintasuna ez da soilik legeetan agertzen den printzipio bat; ez da soilik emakume guztiok dugun eskubide bat. Guztiok inplikatzen gaituen eguneroko zeregina da. Etxean, lanean, lagunekin, gure bizitzako espazio bakoitzean».
Beste zazpi eraso asteburuan
Gasteizko Udaltzaingoak jakinarazi duenez, asteburuan bi gizon atzeman dituzte genero indarkeria leporatuta. Batetik, Poliziak 30 urteko gizon bat atxilotu zuen larunbat goizean Gasteizen, bikotekide ohiari lesioak eragitea leporatuta. Udaltzaingoak ohar bidez jakinarazi duenez, biktimak salatu zuen autoa aparkatzen ari zela bikotekide ohiak eraso egin ziola.
Horrez gain, udaltzainek 31 urteko beste gizon bat atxilotu zuten Gasteizen, bikotekide ohia jotzea egotzita. Koroatze auzoan izan zen usteko eraso matxista, kalean bertan.
Bestalde, Foruzaingoak gizon bat atxilotu du asteburuan Antsoainen (Nafarroa) adingabe bati jazarri eta ukituak egiten saiatzea egotzita. Poliziak jakinarazi duenez, gizona sexu erasoa egitea leporatuta atxilotu dute, neskatoa eskolatik etxerako bidean zela. Adingabearen amak eman zion abisua Poliziari. Adingabe bati sexu erasoa egitea leporatu diote gizonari, saiakera mailan.
Asteburuan beste lau gizon atxilotu dituzte indarkeria matxista leporatuta: urruntze agindua haustea egotzita gizon bat atxilotu zuten Tuteran eta beste bat Leitzan, eta bikotekideei eraso egitea leporatuta bi gizon, bat Lekunberrin eta bestea Iruñean.