Gasteizko Udalak enplegu publikorako etsaminak euskaraz egiteko «zailtasunen» berri eman die izangaiei

«Berdintasun printzipioa babesteko asmoz», ohar bat helarazi die lan eskaintza publikoetako azterketak euskaraz egiteko hautua egina zutenei. 'Argia'-k atera du albistea.

Gasteizko alkate Maider Etxebarria, artxiboko irudi batean. RAUL BOGAJO / FOKU
Gasteizko alkate Maider Etxebarria, artxiboko irudi batean. RAUL BOGAJO / FOKU
arantxa iraola
2026ko ekainaren 8a
13:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

«Sail honek hainbat eskaera jaso ditu azterketa hizkuntza gaztelaniara aldatzeko. Eskaera horiek euskarazko ikasmaterial nahikorik ez izateak dakarren zailtasunean oinarritzen ziren, prestaketa berme guztiekin egin ahal izateko. Funtzio Publikoaren Sailak aldaketa horiek baimendu ditu, kontuan hartuta izena emateko unean izangaiek ez zutela informazio horren berri. Euskara hautatu eta arazo bera izan duten pertsona guztiei aukera bera bermatzeko asmoz, eta berdintasun printzipioa babesteko asmoz, aukera honen berri eman behar dugula iruditzen zaigu». Argia-k zabaldu duenez, Gasteizko Udalak ohar hori helarazi die erakunderako lan eskaintza publikoetako etsaminak euskaraz egiteko hautua eginda daukaten izangaiei. 

Testuan, hain justu ere, euskarazko ikasmaterial nahikorik ez izateak sortzen dituen «zailtasunak» onartzen dira. Arazo horietaz jabetuta, azterketak euskaraz egin beharrean gaztelaniaz egiteko eskabideak egin dituzte hainbatek, eta onetsi egin dizkiete eskabide horiek; horregatik erabaki du udalak euskarazko hautua eginda daukaten gainerako herritarrei ere oharra helaraztea: «Berdintasun printzipioa babesteko asmoz». Erantzun horrekin euskaldunen eskubideak urratzen dituela iritzita, izangaietako batek kexa egin du, eta Hizkuntza Eskubideen Behatokira ere jo du horren berri emateko. Hori jaso du, hain justu ere, Argia-k.  

Hedabidearen arabera, 16.234 pertsonak eman zuten izena 54 lan eskaintza publikotan parte hartzeko, eta horietatik 258k hautatu zuten azterketa euskaraz egitea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarak badu egunkari bat, euskaltzaleon babesa ezinbestekoa duena. BABESTU EZAZU ZUK ERE