Gasteizko Udalak ez du baimenik eman Armentia-II putzuan zundaketak egiteko

Urtaranek ohartarazi du proiektua ez dela bateragarria Gasteizko Hiri Antolamenduko Plan Orokorrarekin, baina Eusko Jaurlaritzak oinarri dituen politika energetikoen alde dagoela.

Subilla Gasteizko Armentia-II putzuan egin nahi zituen Eusko Jaurlaritzak gas zundaketak. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria.
2020ko abenduaren 22a
17:22
Entzun

2016an, Eusko Jaurlaritzak baimena eskatu zuen Subilla Gasteizko Armentia-II putzuan gas ustiaketak egiteko, Sesha enpresa publikoaren eskutik, eta Gasteizko Udalari zegokion ematea. Oposizioa lizentzia hori ematearen aurka egon da orain arte, argudiatuta ez zela bateragarria besteak beste Gasteizko Hiri Antolamenduko Plan Orokorrarekin, eta erregai fosilak erretzeak «etorkizun energetikoa hipotekatuko» lukeelakoan trantsizio ekologikorako bidean. EH Bilduk, Elkarrekin Podemosek eta PPk osatu dute oposizioa gai honi dagokionez, eta, azkenean, EAJk baimena ez ematea erabaki du.

Gorka Urtaran Gasteizko alkateak jakinarazi duenez, eta oposizioak aurrez esandako berbera berretsiz, txosten teknikoak baieztatzen du baimena ez litzatekeela bateragarria izango hiri antolamenduko plan orokorrarekin, gas zundaketak egiteko proposatutako eremuan ezin delako horrelako jarduerarik egin. Hala ere, horrek ez du esan nahi gainontzeko tokietan egin ezin daitezkeenik, erabakia Armentia-II putzuari soilik baitagokio. Hala ere, Urtaranek nabarmendu du Eusko Jaurlaritzak defendatzen dituen politika energetikoen alde dagoela. Hain zuzen, Jaurlaritzak adierazi zuen ez zuela eskatuko gas ustiaketa gehiago egiteko baimeniko, baina dituenekin aurrera egingo duela, gasa trantsiziorako energia «egokia» dela iritzita, besteak beste, berriztagarriak eduki bitartean.

Hala eta guztiz ere, gogoan izan behar da Arabako Foru Aldundian dagoeneko joan den astean proiektua baztertu zutela talde guztiek, PSE-EE barne, eta EAJ bakarrik gelditu zela. Beraz, posible da udalean ere sozialisten babesa galtzea.

 

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.