Mitika dantzalekuan hildako gizonaren gurasoak aurrean zituela, Cesar Fernandez de Landa Gasteizko Udaleko Segurtasun zinegotziak jakinarazi du Explotaciones Hosteleras Niecor eta Le Basque Services enpresen inguruan idatzitako txosten guztiak biltzen ari direla Eusko Jaurlaritzara bidaltzeko. «Bermatu behar dugu horrelakorik ez dela berriz gertatuko». Segurtasun Batzordean egin ditu adierazpenak, gaur.
Gurasoen eskakizunari erantzuna eman dio, hala, Gasteizko Udalak. Aurreko astean idatziz exijitutakoak ahoz berretsi dituzte gaur Arantza Beitiak eta Roberto Villatek. Segurtasun Batzordean hitza hartu dute, eta Gasteizko Udalari erregutu diote zigor administratiboak ezar diezazkiela diskotekaren jabeari eta segurtasun alorreko langileak kudeatzen dituen enpresari.
«Premiazkoa» dela adierazi dute. Jendaurreko Ikuskizunen eta Jolas Jardueren Legea «behin eta berriz» urratu dituztela esan dute, eta xehetasunak ere eman dituzte. Alde batetik, sinetsita daude dantzalekuan ez zituztela segurtasun neurriak errespetatzen: «Agerikoa da bezeroei tratu txarrak ematen dizkieten enplegatuak jardunean mantentzeak larriki urratzen dituela araudiak ezarritako gutxieneko segurtasun baldintzak», esan dute. Bestetik, sarrera ukatzeko eskubidea oker aplikatzen zutela salatu dute. Gurasoen iritziz, diskotekako atezainen «jokabide bortitza abusutzat har daiteke gutxienez».
«Baziren nahikoa elementu udalak bide administratibotik jotzeko eta arau hauste oso larriak prebenitzeko eta zehatzeko»
ARANTZA BEITIAMitikan hildako gaztearen ama
Bi enpresak halako jokabideen jakitun zirela gaineratu dute, behin baino gehiagotan gertatu izan direla argudiatuta. Horretarako, Gasteizko Udaltzaingoaren hiru atestatu baliatu dituzte. «Baziren nahikoa elementu udalak bide administratibotik jotzeko eta arau hauste oso larriak prebenitzeko eta zehatzeko».
Udalari kargu hartu diote, zigor administratiboak ezartzeko bidea prozedura penalik gabe has daitekeelako. «Eta udalak uste bazuen horrek bere eskumenak gainditzen zituela, bazuen aukera bildutako dokumentazio guztia zegokion organoari bidaltzeko», salatu dute.
Barkamena eskatu diete
Gurasoak haserre daude Gasteizko Udalaren jokabidea dela eta. Batzordea hasi baino lehen zera esan diete kazetariei: udalak «utzikeriaz» jardun duela, eta justizia «oztopatu» duela. «Ez zen segurtasunaz arduratzen ziren langileen gaineko kontrol eraginkorrik izan, eta gertatutakoa horregatik da hain larria», ondorioztatu dute. «Horrek adieraz lezake nolabait toleratu egiten zituztela indarrean dagoen araudia larriki urratzen duten jokabideak, eta, are, babestu egiten zituztela». Udalari «orain arte gaizki egindako guztia publikoki onartzeko» exijitu diote.
Familiarekin «oso gaizki» portatu direla esan diete kazetariei. «Barkamena eskatu beharrean, oso gaizki tratatu gaituzte». Hildako gaztea udaleko langilea zen. Gaineratu dute, penatuta, Maider Etxebarria alkateak ez dituela jaso eta auziari ez diola eman dagokion garrantzia. «Zigorrik ez ezartzeak inpunitatearen mezua helaraziko lioke gizarteari, eta horrek arrisku larria ekarriko luke indarkeriazko jokabideei dagokienez».
Cesar Fernandez de Landa Gasteizko Udaleko Segurtasun zinegotzia eta Jon Armentia bigarren alkateordea batzordean izan dira. Biek eskatu diete barkamena gurasoei, «Udal Gobernuak babestu ez dituela sentitu badute noizbait». Kolaborazioa ere eskaini diete.
Otsailaren 23ko ordu txikietan jazo zen ezbeharra. Lekukoen esanetan, gizona Mitika diskotekaren kanpoaldean zegoela dantzalekuko atezain batek kolpe bat eman zion buruan, ez zedin barrura sartu. Gizona lurrera erori eta hil egin zen. Ertzaintzak atxilotu egin zuen atezaina, eta Gasteizko 3. Instrukzio Epaitegiak hura behin-behinean espetxeratzea erabaki zuen, maltzurkeriaz egindako hilketa edo dolozko giza hilketa egotzita. Preso dago Zaballako espetxean, behin-behinean, eta epaileak giza hilketa eta hilketa delituak egozten dizkio.