Gasteizkoa zen apirilaren 25ean Espainian gizon batek hil zuen andrazkoa

Haron izan zen hilketa matxista. Gizon batek 36 urteko emakume bat hil zuen labankadaz, etxean. Gasteizko Udalak elkarretaratze batera deitu du gaurko, Plaza Berrian. Eta Emakumeen Mundu Martxak ere bai, 18:30ean Andra Mari Zuriaren plazan.

Gasteizko Udalaren elkarretaratze bat eraso matxisten aurka. IÑIGO URIZ / FOKU
Gasteizko Udalak eraso matxisten aurka eginiko elkarretaratze bat. IÑIGO URIZ / FOKU
Edurne Begiristain - Isabel Jaurena
2025eko maiatzaren 8a
21:05
Entzun 00:00:0000:00:00

Apirilaren 25ean Haron (Espainia) izandako hilketa matxistaren biktima Gasteizkoa zen, Gasteizko Udalak ohar batean jakinarazi duenez. 36 urte zituen, eta 46 urteko gizonezkoak, bikotekideak, hil zuen labankadaz. Gizonak telefono bidez aitortu zuen emaztekia hil zuela, eta handik gutxira atxilotu zuten; eta Guardia Zibilak joan den asteko asteartean adierazi zuenez, kartzelan dago.

Azken hilketa matxista kontuan hartuta, denera 128 emakume hil dituzte gizonek 2003tik Euskal Herrian. Haietako hiru, aurten: Espainiako hilketa matxista baino lehen, urtarrilaren 3an, 63 urteko gizon batek 84 urteko ama hil zuen Barakaldoko Arrandi kaleko etxebizitza batean (Bizkaia), eta otsailaren 5ean, berriz, Ertzaintzak gizon bat atxilotu zuen Irunen (Gipuzkoa), amari labanaz eraso egitea leporatuta.

Gasteizko emakumearen hilketa matxista gaitzesteko adierazpena onartu du Gasteizko Udalak. Aldi berean, biktimaren senideei babesa helarazi die, eta haien eskura jarri ditu baliabide psikologiko, juridiko eta sanitarioak. Emakundek ere hilketa gaitzetsi du, eta protokoloa aktibatu duela iragarri.

Halaber, Euskal Herriko Emakumeen Mundu Martxak hilketa gaitzetsi du, eta bihar Euskal Herriko hainbat hiri eta herritan kontzentrazioak eginen dituztela iragarri. Iruñean, adibidez, 20:00etan eginen dute elkarretaratzea, udaletxe plazan. Itaia emakumeen antolakunde sozialistak, berriz, hilketa matxista gaitzesteko mezua zabaldu du sare sozialetan, «indarkeria matxistarekin amaitzeko erantzun kolektiboa» antolatzeko beharra aldarrikatuta. 

Protokoloa

Udalak esan duenez, emakumea Gasteizko bizilaguna zela jakin zuenean eta informazioa egiaztatu ondoren, indarkeria matxistaren kontra jendaurrean erantzuteko protokoloa aktibatu zuen, eta premiazko bilera batera deitu erantzun instituzionala eta biktimaren inguruko pertsonen arreta koordinatzeko.

Gasteizko Udalak azpimarratu du indarkeria matxista «giza eskubideen urraketa larria» dela, eta erailketa dela haren adierazpenik larriena. «Lehen mailako arazo soziala da, eta nagusiki hura sufritzen duten eta hari aurre egin behar dioten emakumeen duintasunaren eta osotasun fisiko eta moralaren aurkakoa». Indarkeria mota hori ez da ekintza «bakana», udalaren ustez: «Gure gizartea egituratzen duten jokaera esplizituen eta mezu normalizatu eta sinbolikoen sarea da, zeinaren azken xedea baita emakumeen gizonekiko mendekotasuna iraunaraztea, ez dadin egon egungo sistema heteropatriarkalak ezarritako mugak urratzen dituen gorputz, eredu edo portaerarik».

Udalak elkarretaratze batera deitu du biharko, Plaza Berrian, 12:00etan, eta jakinarazi du mugimendu feministak eta beste eragile batzuek deitutako gaitzespen ekitaldien alde egingo duela. Emakundek adierazi du elkarretaratzearekin bat egiten duela, eta herritarrei gaitzespena adierazteko eskatu die.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.