Gastu militarraren aurka, XV. bizikleta martxa egingo dute larunbatean

Zenbait kolektibo antimilitaristak, ekologistak eta internazionalistak antolatu dute. Arma industria industria zibil bihurtzea exijituko dute

Larunbateko bizikleta martxa aurkeztu zuten atzo, Bizkaiko Foru Aldundian. BERRIA.
Olatz Silva Rodrigo.
Bilbo
2023ko apirilaren 13a
00:00
Entzun
«Hemen armak egiten dituzte, eta beste herrialde batzuetan erabiltzen dituzte», argi utzi zuen atzo Luis Garcia Kakitzat taldeko kideak. Hori dela eta, larunbaterako XV. bizikleta martxa antolatu dute zenbait kolektibo antimilitaristak, ekologistak eta internazionalistak; hain zuzen ere, Eguzki, Ekologistak Martxan, Biziz Bizi, Kakitzat, KEM-MOC, Komite Internazionalistak, Gerra Hemen Hasten Da eta Ongi Etorri Errefuxiatuak taldeek. Bilbotik abiatuko dira, 11:00etan. Eta elkarretaratzeak egingo dituzte arma fabrikarik garrantzitsuenekin kolaboratzen duten enpresen filialen aurrean.

Gastu militarraren aurkako martxa izango da. «Pedro Sanchezek gastu militarra %26 handitu du aurten», zehaztu du Garciak. Zehazki, «27.000 milioi euro baino gehiago» erabiliko dituzte gastu militarrerako. Beste helburu bat ere izango du bizikleta martxak: arma industria industria zibil bihurtzeko eskatuko dute. Izan ere, «Euskal Autonomia Erkidegoak 750 milioi euro» fakturatzen ditu industria militarraren bidez. Gainera, kritikatu du Eusko Jaurlaritzak, aurrekontu bidez, 100 milioiko diru laguntza ematen diola gerraren euskal industriari. «Zerga bidez» ordaindutako dirua «fabrikak aldatzeko» erabili behar dela adierazi du Kakitzat taldeko kideak.

Precicast eta Sener

Barakaldon egingo dute lehen geldialdia, Precicast enpresan. «Europako gerra hegazkinetarako piezak egiten dituzte». Eta Getxora joango dira gero, Sener enpresara. Garciak azaldu duenez, Israelgo armamentu enpresa batekin kolaboratzen du, material aeronautiko berriak diseinatzeko. Han amaituko dute martxa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.