Mendebaldeko beste gobernu askok bezala, Frantziako Gobernuak ere bide garbia hartu du datozen urteetako aurrekontuei dagokienez: NATOren exijentziak betetzeko aurrekontu militarrak handitzea, eta igoera hori gastu soziala murriztuz konpentsatzea. Horren harira adierazi du Emmanuel Macron Frantziako presidenteak datozen bi urteetan 6.500 milioi euro handituko dutela defentsarako aurrekontua; halaber, hartutako bide horren erakusgarri da atzo François Bayrou lehen ministroak 43.800 milioi euroren murrizketak iragarri izana ere. EH Bai alderdiak gogor kritikatu ditu erabaki horiek, eta uste du halako erabakien bidez «Frantses Estatuak arrazoi gehiago ematen dituela Ipar Euskal Herriak burujabetza handiagoa izan dezan».
EH Baik gogorarazi du Macronen gobernuak «urteetan austeritate politikak plantan ezarri» dituela, baina, aldi berean, aurrekontu militarrak 6.500 milioi euro handitzeko erabakia hartu duela. Igoera hori, baina, gastu soziala murriztuz konpentsatuko da, EH Baik azaldu duenez: «Bayrouk 2026ko buxetaren proiektua aurkeztu du: murrizketa gehiago lanpostu publikoetan, pentsioen izoztea eta politika sozialetarako gastua apaltzea. Babes sozialerako ez dago dirurik, baina NATOren zerbitzura izanen diren armak fabrikatzeko bai?».
Aurrekontuan egindako aldaketa horiek «iruzur politikotzat» jo ditu alderdiak, eta uste du etorkizuna ez dela «inoiz eraikiko» bide horretatik. Bestalde, gogorarazi dute norabidea aldatu izanak eragina duela Ipar Euskal Herrian ere: «Lekuz kanpokotzat jotzen ditugu Pirinio Atlantikoetako prefeturak uztailaren 4an egin dituen bilkurak Bidarten enpresekin armamentuan inbestitzeko. Gure lurraldearen eredu ekonomikoa ezin da armen inbestimenduan oinarritu. Desafio klimatiko, demografiko eta teknologikoei aurre egitea da lehentasuna, langileak aldaketa horietarako prestatzea eta enplegatzaileei beren beharrak zehazten laguntzea».
Horiek horrela, EH Baik dei egin die eragile guztiei «Ipar Euskal herriaren bilakaera instituzionalaren aldeko dinamika azkartzeko. Baitezpadakoa da etorkizuna gure esku hartzea». Horrez gain, baieztatu du alderdiak «Ipar Euskal Herriaren eta bertako biztanle guztien interesen alde» jarduten duten aktibitate eta dinamika ekonomikoak bultzatuko dituela: «Gatazkak konpontzeko eta bakea lortzeko, elkarrizketaren eta bide diplomatikoen bidetik jotzeko deia egiten dugu».