Eragina izan dute osasuneko gastua gutxitzeko iaz hartutako neurriek: botika generikoak erabiltzeari eta klinika pribatuetara gaixo gutxiago bideratzeari esker, 45 milioi euro aurreztu ditu Eusko Jaurlaritzak. Gastua handitu egin da Osakidetzan eta inbertsioetan, baina aurreztutakoa baino gutxiago: 21 milioi pasatxo. Ondorioa: aurreko urtean baino zor txikiagoarekin bukatu zuen urtea Jaurlaritzak osasun alorrean. 2010ean baino %25 zor txikiagoa izan zuen 2011ko azkenean.
Iazko balantze ekonomikoaren berri atzo eman zuen Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak. Baikor, gastua txikitu izanak egoera hobetu duela nabarmendu zuen Jesus Maria Fernandezek, Osasun sailburuordeak. «Emaitza aldekoak dira, eta Euskadik egoera ona du, gutxik bezalakoa». Jakinarazi zuen inguruko erakundeek baino azkarrago pagatu dituztela botikak eta horrelakoak.
Sendagaien gastuan izan du aurrezte handiena Jaurlaritzak: 41 milioi euro baino gehiago. Generikoak erabiltzeak zerikusi zuzena izan du: medikuei agindu diete ahal den kasuetan horrelako botikak emateko, eta, markakoak emanez gero, zehatz adierazteko zergatia. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, urtebetean %26,5 handitu da generikoen erabilera. Fernandezek azaldu du horrekin batera zerikusia izan duela botika merkeagoak erabiltzeak eta sendagaien prezioa oro har jaitsi izanak. Gainera, medikuek botika gutxiago eman dituzte. «Erabilera arrazoizkoagoa izan da».
Klinika pribatuetara gaixo gutxiago bidali dituzte, eta lau milioi euro aurreztu. «Asko gutxitu da gaixoak kliniketara bidaltzeko joera. Osakidetzan gehiago artatzen dira», nabarmendu du Fernandezek. Hain zuzen, Osakidetzako gastua zerbait handitu zen iaz. Jarduna areagotu egin zen: ospitaleratze eta ebakuntza gehiago izan ziren, eta jende gehiagok jo zuen larrialdietara. Kontuan izatekoa da, hala ere, Osakidetzako gastu orokorra handitu den arren langileetan gastatutakoa gutxitu egin dela. Inbertsioetan, 2010ean baino 16 milioi euro gehiago jarri zituzten.
Aurten, gutxiago
Aurrekontuak estutu egin dizkiote Jaurlaritzako Osasun Sailari, eta Fernandezek aurreratu du gastua gutxitu beharra izango dela aurten ere. Osakidetzan bertan eta botiketako gastuan nahi dute diru gutxiago erabili. Klinika pribatuekin itun gutxiago egiterik ez du espero Jaurlaritzak.
Gastu txikiagoa izan du Jaurlaritzak, botiketan eta itunetan aurreztuta
Generikoak erabiltzeari eta klinika pribatuetara eri gutxiago bideratzeari esker, 45 milioi aurreztu ditu Eusko Jaurlaritzak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu