Halakoxeak omen gara euskaldunok ohean. Halaxe definitu gaitu andre katalan batek El Mundo egunkari espainiarrean, Emilia Landaluce kazetariarekin berriketan. Emakumeak Iñaki Urdangarin ezagutu zuen gaztetan, hura Espainiako errege-erreginen alabarekin lotu aurretik. Eta harekin egin zuen larrutan. Landalucek xehetasunak jakin nahi izan ditu eta amua bota dio solaskideari hizmizkietan segitzeko. Ohean nolakoa zen galdetu dio: «Vasco (sic): Sosón y lento» —eskerrak gure gizonak bere buruari el Duque Empalmado deitzen zion mezu pribatuetan. Bestela...—.
Gatzgabeak eta geldoak. Basko askorekin oheratu da pertsona hori ala nahikoa izan du batekin sexu harremanak izatea iritzia emateko? Dena dela, estereotipoa azaldu da. Betikoa: euskaldunok ez omen gara maitale onak; are gutxiago seduzitzaileak. Oso klasikoak gara. Tradizioak pisu handia du hemen...
Estereotipo guztiek oinarriren bat izaten dute, kasu guztietan betetzen ez den arren. Gure estereotipoak bizirik dirau hein handi batean. Antoni Batista kazetari katalanak horri heldu zion 2015ean Otegi, la fuerza de la paz liburuan EH Bilduko idazkari nagusia deskribatzeko: «Euskaldunek ez dute Don Giovanni izatearen ospea. Instituzio familiarra sendoa da bertan, izan eskuindarra, izan ezkertiarra. Arnaldo familia estrukturatu batetik dator eta beste familia bat osatu du, hain estrukturatua, non militantzia bizia izateko modua ere izan duen. Baina bera seduzitzaile iaioa da, ez lotsagabe promiskuoaren zentzuan, enpatia sortu eta liluratzen duen gizonaren adiera zabalenean».
Gatzgabeak eta geldoak maitasun fisikoan. Itxiak arlo emozionalean. Beste katalan batek, Euskal Herrian sarri egon den lagunak, hori iradoki zidan Donostiara etorri zen batean: «Euskal emakumeek Miss Mundo direla uste dute?». Azaldu zidanez, hotzak eta zurrunak ikusi zituen hemengo neskak. Ez zuen arrakasta handirik izan, antza. Donostiako kafetegi ezagun bateko itxura exotikoko zerbitzariari, berriz, kontrakoa entzun nion terraza batean. Euskal emakumeak oso onak ziren ohean. Oso beroak. «Piztu egin behar». Halaxe. Orduan? Non da estereotipoa?
Baliteke euskaldunak seduzitzaile trebeak ez izatea. Don Giovanni, Mozartek sortu zuen operako protagonista, ez zen Iruñean jaio
Baliteke euskaldunak seduzitzaile trebeak ez izatea. Don Giovanni, Mozartek sortu zuen operako protagonista, ez zen Iruñean jaio. Dena ez da hain monokromoa, ordea. Denetik dugu munduan. Euskaldunok biziotsu ospea dugula esan zidan madrildar batek. Lizunak? Non, baina? Euskal Herrian ala kanpoan? Madrilen, esaterako. Edo Mediterraneo edo Karibe aldean. Han bai beroa eta likitsa ardi beltza! Neurrigabekerian. Oporrak amaitu eta artaldera bihurtzen den arte.
Izan ere, ihes-balbula eskura dugu, nahi izanez gero. Trantsizioaren hasieran prostituzioari buruzko erreportaje bat argitaratu zuen Interviú aldizkariak. Jose Mari, Bilbo aldeko negozio-gizona, mintzo zen lanean, beste zenbait puterorekin batera. Sarri joaten zen Madrila. Bertan, Espainia edo Hego Amerikako neskengana jotzen zuen, emazteari lotsaren lotsaz inoiz eskatuko ez zizkion gauzak —zerbitzuak?— egin ziezazkioten. Zer nahi zuen Jose Marik? Eta haren andreak? Eta emaztea hark nahi zuena egiteko irrikan bazegoen, baina toyboy nigeriar batekin betetzen bazuen ametsa, senarragaz ausartzen ez zelako, haren ustezko moralkeriaren beldur? Gatzgabeak, geldoak. Hotz eta zurrunak, argudiatuko dute. Bai, baliteke. Baina ez gehiegi, Giovanni.
Bai, euskaldunok ez gara Giacomo Casanova. Bilbotarrek edonon jaiotzeko eskubidea omen dute baina, kasu!, ez gehiegi sinetsi ahokada hori: Venezia ez da Bilboko auzo bat. Sedukzioari dagokionez, Bilbo izango genuke hiri horretako bazter-auzoa. Edo Bartzelonakoa. Kataluniako lagun hori ez zuten, seguruena, Mister Universotzat jo Donostian. Terrazako zerbitzaria, aldiz, bai. Sandokan zirudien. Ez hitz egin oherako bata baztertu eta bestea aukeratu zuten emakumeekin gorputz ez normatiboei buruz. Teorian bai, baina praktikan... Ondo da, esango dute. Bai, baliteke. Ma non troppo, Giovanna.