Gauaren bazterrak arakatzeko deia egina zuten asteazken iluntzerako Araba, Bizkai eta Gipuzkoako hainbat instituziok eta gobernuz kanpoko erakundek. Etxegabeei buruz bi urtean behin egiten den azterketa lanerako zenbaketa egiteko aukeraturiko gaua zen, eta boluntarioak behar izan ziren hiru hiriburuetan eta egitasmora lotu ziren udalerrietan. Donostian, esaterako, Kale Gorrian estrategiak antolatu zuen zenbaketa, eta ilunabarrean jendez leporainozegoen Donostia 2016ko egoitza, hantxe baitzuten antolatzaile eta boluntarioek elkarren berri izan eta gaua antolatzeko txokoa. Clara Diez, antolatzaileen partetik, gomendioak ematen aritu zen, kalean inor ikusiz gero harengana nola hurbildu azaltzen, eta, erarik bazen, ikerketarako atonduriko inkesta etxegabeei nola egin behar zitzaien esplikatzen. «Inor lurrean ikusten baduzue, haren parera makurtu». «Inkestako galderak, ahal den neurrian, sinpletu». «Tabakoa erabil dezakezue solasa hasteko». «Inor ez dadila ibili bakarrik»... Abentura irrikan joandakoentzat, baretzeko deia: «Toki batzuetan ez duzue etxegaberik aurkituko; inork ez dezala desilusiorik hartu horregatik. Hori ona da». Inguruan, galdezka, solasean, ehundik gora boluntario; ikasle gazteak asko, baina edade askotako jendea tartean.
Taldeka antolatu eta kalera irteteko unea heldu zen aurki. Talde bakoitzak, esku artean plano bat: hiriko zati batena. Sei bat lagunekoak talde gehienak, eta taldeetan buru, gizarte zerbitzuen arloan esperientzia zuten pertsonak. Loiola eta Martuteneko inguruak kalez kale —zubipez zubipe—arakatu behar zituen taldeko burua, esaterako, Marga Martinez izan zen, Donostiako Udaleko gizarte zerbitzuetako langilea. Hogei urte baino gehiagoko esperientzia du bazterkerian bizi den jendea artatzen. «Garrantzitsua da erne ibiltzea, eta inor kalean bizi dela erakusten duten zantzuei ere erreparatzea». Planoan, hainbat puntu more: erakusten dute non aurkitu izan diren aurrez etxegabeak, non ibili behar den bereziki adi. «Lagungarria izaten da, era berean, auzoei galdetzea; tabernetan, kalean dabiltzanei. Usu jakiten dute zerbait».
Aholku horiei atxikita, planoko kale eta bazter guztietatik igarotzea hurrengo urratsa, eta bazter utzitako etxeei, esaterako, adi-adi erreparatzea. «Horko etxe horretan bizitza aztarnak daudela dirudi», ohartarazi zuten, esaterako, hainbat boluntariok. Zintzilikatutako arropa balkoian, zakurrari jana emateko ontziak lurrean, eta, apur bat hurbilduta, zakurra bera. Deituta, ordea, inoren berririk ez. Halako susmoen berri emateko prestatuta dago ikerketa, eta, ahal bada, ustez toki horretan bizi diren pertsona kopuruaren kalkulu bat ere ematen da. Etxeetan ez sartzeko aholkua dago, ordea. «Arriskutsua izan daiteke». Aurrerago, Martinezen taldeko boluntarioek bi gazte aurkitu zituzten: aitortu zuten bazter utzitako etxe batean bizi zirela. Ez zuten datu gehiago eman nahi izan, ordea. Halaxe, bere soilean, informazio horiek ere biltzen ditu ikerketak.
Eta datu apur horiekin, lanak amaituta, etxera buelta. Boluntarioen gogoa, bor-bor. Perukoa da sortzez Marita Villanueva; esperientzia du bazterkeria arriskuan dagoen jendeari laguntzen, eta lehen aldiz aritu zen kontaketan. Erabateko zentzua ikusten dio egitasmoari: «Pobrezia ikusezina da sarri guretzat, baina bada premia gorriak dituen jendea; enpatia behar dugu». Bazterkerian dauden adingabeentzako zerbitzu batean dihardu Onintze Kaminok Donostian, gizarte hezitzaile. Gazte horien geroak kezkatzen du, bereziki. «Askori, 18 urte betetzean, kalea beste aterabiderik ez zaie geratzen; haientzako sareak kolapsatuta daude».
Orain, datuak irakurtzeko garaia izango da, aurkeztekoa. Horiei begira orduak egingo ditu SIIS Dokumentazio eta Ikerketa zentroko ikertzaile Raquel Sanzek. Kalez kale zebilen asteazken gauean. «Inoiz burutik pasatzen zaigu etikoki zuzena den ikerketa hau; ez ote goazen, nolabait ere, pobreen bila». Gaia lehen lerroan jartzeko giltzarri dela dio, ordea: «Bi urtean behin, behintzat».
Etxegabeen egoera
Gauaren bazterrak arakatzen
Etxegabeen egoeraren berri izateko EAE Euskal Autonomia Erkidegoan bi urtean behin egiten den ikerketarako, giltzarri izaten da hiri eta udalerrietan gau batean, kalez kale, egiten den zenbaketa; asteazken gauean egin da, eta ehunka boluntariok parte hartu dute. Datu sorta zabala emango du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu