Antropologoa

Jaime Palomera: «Gaur egun, etxebizitzak bidegabekeriarako motorrak dira»

Palomerak uste du alokairuei muga jartzeak ez diola heltzen etxebizitzaren arazoaren muinari, eta irtenbidea dela espekulazioari zergak jartzea, «errentagarria» izan ez dadin.

Jaime Palomera, Bilbon. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Jaime Palomera, Bilbon. MARISOL RAMIREZ / FOKU
gotzon hermosilla
Bilbo
2025eko ekainaren 25a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Jaime Palomera (Bartzelona, 1982) Euskal Herrian egon da oraindik orain, LAB sindikatuak gonbidatuta, El secuestro de la vivienda (Etxebizitzaren bahiketa) liburua aurkezteko. Antropologia Ekonomikoan doktore da, eta IDRA Bartzelonako Hirigintza Ikerketako Institutuko kide, baina etxebizitzaren arazoaz duen interesa ez da soilik akademikoa: Kataluniako Maizterren Sindikatuaren sortzaileetako bat ere bada.

Gaur egungo gizartean, etxebizitza al da berdintasunik ezaren iturri nagusia?

Etxebizitza krisiaz hitz egiten denean, prezio garestiak, etxegabetzeak, alokairuan bizitzeko zailtasunak eta abar aipatzen dira. Baina etxebizitzak, beste ezer baino lehen, bidegabekeriarako motorrak dira: etxebizitza bat baduzu, zu aberasteko bide izan daiteke, eta ez baduzu, pobretzeko arrazoi.

Zergatik gertatzen da hori?

Oraindik ere jabetzan oinarritutako ereduaren oinordekoak gara. Eredu horretan ia denak izan zitezkeen etxe baten jabe, eta prezioak beti egiten zuen gora. Hor badago egiturazko kontraesan bat: etxebizitzen prezioak beti gora egiten badu, belaunaldi gazteentzat gero eta zailagoa izango da eredu horretan sartzea. Gakoa da nork lortzen duen etxebizitza bat oinordetzan hartzea eta nork ez.

Horregatik erabiltzen duzu «feudalismo berria» esapidea eredu hori izendatzeko?

Demokrazia liberalaren oinarrian ideia hau dago: zure esfortzuari esker, lor dezakezu apurka-apurka zure egoera hobetzea. Teorian, herritarren bizi baldintzak hobetu egin dira azken mende eta erdiko kapitalismoaren historian, gorabeherak izan badira ere. Ideia horren oinarri nagusia etxebizitza baten jabetza da, horixe baita langile batek izan dezakeen aberastasun nagusi bakarra. Baina etxebizitza baten jabe izatea gero eta zailagoa bada, aurrerabide horren ideia legitimatzen zuten oinarri kulturalak krisian sartzen dira.

Feudalismoaren ezaugarri nagusia zen jendearen patua guztiz baldintzatuta zegoela jaiotzatik. Gaur egun antzeko zerbait gertatzen da: zure familian etxebizitza bat oinordetzan jasotzeko aukera baduzu, zure etorkizuna oso desberdina izango da.

«Jabeen gizartea goitik eta behetik hausten ari da, eta, egiturazko aldaketarik egin ezean, horrek okerrera egingo du»

Duela gutxi arte, etxebizitza edo haren balioaren zati bat oinordetzan hartzea nahikoa ziurtatua zuten gehienek. Baina gero eta ohikoagoa da adinekoek etxebizitza galtzea zahar etxera joan ahal izateko, edo bizitzaren azken etapako zaintza ordaindu ahal izateko.

Hala da. Alde batetik, gero eta zailagoa da etxebizitza bat erosi eta jabeen sistema horretan sartzea, eta, beraz, heredatzea da askoren itxaropen bakarra. Baina, beste aldetik, bizi itxaropena gero eta handiagoa denez, jende askok saldu egin beharko du jabetzan duen ondasun bakar hori zahartzaro duina izateko, eta ez da seme-alaben eskuetara pasatuko. Hori ari da gertatzen jada, baina denboraren poderioz areagotuko da: bizi itxaropena 86 urtekoa da, eta ez da ohiz kanpokoa 90 urte baino gehiago bizitzea.

Eta nork eskuratzen du etxebizitza hori?

Lehen, ordura arte etxebizitzarik izan ez eta estreinako aldiz bizitoki bat lortu nahi zutenek erosten zituzten etxebizitza gehienak. 50 bat urtez, 1957tik 2007ra, hala izan zen. Baina orain, jadanik etxebizitza bat baino gehiago dituzten pertsona, familia edo enpresek erosten dituzte gehienak. Jabeen gizarte hori goitik eta behetik hausten ari da: behetik, gero eta jende gehiagok zail duelako lehenengo bizitokia erosi ahal izatea; eta goitik, jabe multzo txiki batek eskuratzen dituelako behekoek galtzen dituzten ondasun horiek. Eta, egiturazko aldaketarik egin ezean, horrek okerrera egingo du.

Hego Euskal Herrian, zenbait udalerri tentsio handiko eremu izendatu dituzte, eta beste batzuek bidea hasi dute horretarako. Praktikan, zer aldatzen du izendapen horrek?

Zenbait neurri hartu dituzte etxebizitzen arloan, eta nagusietako bat horixe da: tentsio handiko eremuetan alokairuen prezioei muga jartzea. Prezioak ez dira jaisten, baina, behintzat, inflazioaren pare igotzen dira: soldatak baino gehiago, askotan. Legeak alokairu kontratu bat zeukatenak babesten ditu neurrigabeko prezio igoeretatik, baina ez dio arazoaren muinari heltzen. Eta arazoaren muina zera da: diru asko daukatenek pizgarri handiak dituzte diru hori etxebizitzak erosten inbertitzeko.

«Etxebizitzak eta ezinbestekoak diren gainerako ondare urriek espekulaziotik babestuta egon beharko lukete»

Zergatik?

Diru asko dutenek hainbat aukera dute diru hori erabiltzeko, baina seguruena eta errentagarriena da etxebizitzak erosi eta alokairuan jartzea. Are gehiago: alokairuan jartzea ere ez da beharrezkoa, etxebizitza erosi eta hura hutsik edukita ere, haren balioa etengabe igotzen da, eta burtsan akzioak erostea baino errentagarriagoa da. Akzioen errentagarritasuna %6koa izan da azken urteotan; Bilboko erdialdean etxebizitza batzuk erosi eta horiek alokairuan jarrita, %10 lor dezakezu, eta etxebizitza turistikoak badira, zer esanik ez. Hori hala den bitartean, alokairuen prezioa mugatzen saiatzea adabaki bat baino ez da izango.

Diru asko duenak urrea edo akzioak erosi nahi baditu, eros ditzala. Baina etxebizitzak, urak, energiak eta ezinbestekoak diren gainerako ondare urriek espekulaziotik babestuta egon beharko lukete.

Beharrezkoa al da etxebizitza gehiago eraikitzea?

Luzera begira, beti izango da beharrezkoa etxebizitza gehiago edukitzea. Baina etxebizitza asko eraikita ere, horiek merkatu librean badaude eta azkenean jabe handi batek erosten baditu hutsik edukitzeko edo turismorako, ez dugu ezer konpondu. Hiri handietan, 700.000 euro balio duten 80 metro koadroko etxebizitzak eraikitzen ari dira. Ezinezkoa da familia arrunt batek horrelako etxebizitza bat erostea. Orduan, zergatik eraikitzen dituzte? Bada, merkatuari ez zaizkiolako interesatzen familia arruntak; interesatzen zaio etxebizitza horiek aberatsek erostea, inbertsio gisa.

Orduan, zein da irtenbidea?

Bada, neurriak hartzea etxebizitzak inbertsio gisa erostea hain erakargarria izan ez dadin. Neurri asko har daitezke, eta fiskalitatea da horietako bat. Aspaldi luzean, badirudi politika fiskal posible bakarra dela zergak jaistea: hau da, zuk jarduera bat sustatu nahi baduzu, jarduera hori saritzen duzu zergak jaitsita. Baina saritzeaz gain, zigortu ere egin daitezke kaltegarriak diren jarduerak. Inbertsio funts bat etxebizitzak erosten ari bada alokairuen prezioak igotzeko, hari zergak igo behar zaizkio, jarduera hori errentagarri izan ez dakion. Aitzitik, betirako babestutako etxebizitza sozialak eraiki nahi dituzten kooperatiba edo irabazi asmorik gabeko elkarteei erraztasun guztiak eman behar zaizkie.

«Gaur egungo etxebizitza merkatua iruzurra da. Aspaldi hasitako Monopoly partida batean jokatzea bezala da»

Irtenbide horrek arrakastarik izan al du inon?

1917an, Vienak etxebizitza arazo itzela zuen: bi miloi biztanle, oso alokairu garestiak eta abar. Zer egin zuten? Aberatsenei eta aberastasunak pilatzen zituztenei zergak jarri; batez ere, jarduerarik eta ondasunik sortzen ez duen errentismoari. Horri esker, etxebizitzekin espekulatzea ez zen errentagarria, eta jabe handiek nahiago izaten zuten etxebizitza horiek administrazioari saldu. Gainera, zergetako diruarekin, administrazioak bazituen baliabideak etxebizitzak eta orubeak erosteko. 20 urte geroago, udalerriko lurzoru gehiena publikoa zen. Singapurrek antzeko zerbait egin zuen 60ko hamarkadan. Beraz, bai; joko arauak aldatzen badira, gizarte eredu bidezkoago eta oparoago baten oinarriak jar daitezke.

Liberalek esan ohi dute merkatuan esku hartzeak kontrako efektuak sortzen dituela.

Hasteko, etxebizitzarena ez da ohiko merkatu bat, non batek produktu bat nahi, besteak hori eskaini, eta biek arrazoizko prezio bat adosten duten. Alde batetik, etxebizitza bat eraikitzeko orubea behar da, eta hori ondasun mugatua da, ezin da sortu. Eta, beste aldetik, ezinbesteko ondasun bat da, eta hori behar dutenek ez dute negoziatzeko tarterik, ezin dutelako ordezkatu. Kafea oso garestia bada, bila dezakezu merkeagoa den beste bat, edo kaferik ez hartzea erabaki, baina ezin duzu erabaki bizitzeko toki bat ez edukitzea.

Liberalismoen mitoez galdetu didazu. Hasteko, Adam Smithek, David Ricardok, John Stuart Millek eta liberalismoaren aitzindari klasikoek argi zioten lurzorua ez dela kapitala eta lana bezalakoa. Baina, horrez gain, gaur egungo etxebizitza merkatua iruzurra da. Aspaldi hasitako Monopoly partida batean jokatzea bezala da: ez duzu ondasunik lortuko gainerako jokalariek jadanik leku onenak erosi dituztelako, eta, gainera, leku horietatik pasatzean ordaindu egin beharko diezu. Denbora laburrean, dirurik gabe eta partidatik kanpo geratuko zara, eta, gainera, lehenago hasitako jokalariek aurpegira barre egingo dizute, eta esango dizute ez zarela behar bezain gogor ahalegindu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.