Hezkuntzan doktorea eta Psikologia Sozial eta Klinikoan aditua

Uxue Diez eta Maite Azabal: «Gaur egun ikastetxea ez da leku segurua LGTBI kolektiboarentzat»

Uxue Diezek eta Maite Azabalek diote irakasleek zein ikasleek ez dituztela erreminta nahikoak LTGBI diskriminazioari aurre egiteko. Nabarmendu dute «beharrezkoa» dela behar duenari laguntza eskaintzea eta bidelagun izatea.

Maite Azabal eta Uxue Diez. JON URBE / FOKU
Maite Azabal eta Uxue Diez. JON URBE / FOKU
Estibaliz Navarro Argaz
2025eko abuztuaren 23a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Uxue Diez (Urnieta, Gipuzkoa, 1994) eta Maite Azabal (Errenteria, Gipuzkoa, 1996) adituak dira hezkuntzan eta psikologian, eta LGTBI kolektiboaren aurkako diskriminazio egoerak ikertzen dihardute, bereziki nerabezaroan gertatzen direnak. Bi ikertzaileek LGTBI+ gorroto delituak nerabezaroan: pertzepzioak, ondorioak eta neurriak izeneko ikastaroa eman zuten UEUn, helburu jakin batekin: irakasleei eta hezkuntza eragileei informazio zientifiko eguneratua eskaintzea eta diskriminazio egoerei aurre egiteko tresnak ematea. Haien esanetan, gazteen osasun mentalean ondorio larriak eragin ditzakete toki seguruaren gabeziak eta heziketa faltak. 

Zergatik egin dute gora LGTBI kolektiboaren aurkako diskriminazioek nerabeen artean?

UXUE DIEZ: Kontua ez da diskriminazio kasuak igo egin direla, baizik eta orain ikusgarriagoak direla. Azkenaldian guk informazio gehiago dugu aniztasunaren inguruan, eta, batez ere LGTBI kolektiboaren inguruan. Horregatik, gaitasun handiagoa dugu gauzak detektatzeko. Uste dut gorakadak lotura handia duela ikusgarritasun horrekin eta informazio gehiago izatearekin. Aurten kaleratu diren ikerketek ere hori esaten dute. Ez da atzoko gauza, eta gaur egun ikastetxea ez da leku segurua LGTBI kolektiboarentzat. 

MAITE AZABAL: Gorroto delituak edo diskriminazio egoerak areagotzeak ez du esan nahi objektiboki kopurua ugaritu denik. Gauza bat da gehiago salatu izana, ikusgarritasun handia dagoelako, jendeak konfiantza gehiago sentitzen duelako salaketa jartzeko, babesa ere handiagoa dagoelako. Gorakada nabaritu dugu, baina, horretaz gain, salatzen ez direnen kopurua ere handia da. Salaketak igo dira, baina, hala eta guztiz ere, ikusten ez dugun hori eta salatzen ez den hori askoz handiagoa da salatzen dena baino. 

Zer indarkeria mota ikusten da gehien? 

DIEZ: Mehatxuak, irainak eta eraso fisikoak ikusi ditugu. Norbait arauetatik at dagoela ikusten denean, horren kontra egiten da, mezuen bidez batez ere. Gaur egun, adibidez, mundu birtuala oso barneratuta dago gizartean, eta horretan eskola jazarpen asko ikusten da, sare sozialetan, besteak beste. 

AZABAL: Ikastetxeetan, batez ere irainak entzuten dira. Gainera, zenbait hitz normalizatuta daude. Lagunen artean batak besteari esaten dionean «gaya zara», haien ustez hitz egiteko modu bat da, eta txantxetan esaten dute. Asko erabiltzen dira gizartean barneratuta dauden eta kolektibo baten aurka egiten duten terminologiak.  

Zer ondorio ditu diskriminazioak? 

DIEZ: Osasun mentalean arazo larriak sortzen dira. Diskriminazioa jasotzeko prebalentzia handia lotuta dago estres mota jakin batekin, LGTBI pertsonek pairatzen duten estres mota jakin batekin. Gainera, nerabeak zaurgarriagoak direnez, halakoak pairatzeko aukera gehiago dute.

AZABAL: Batetik, depresioa eta antsietatea, eta, bestetik, komunitatearekiko ondorio larriak. Ez dira komunitate baten parte sentitzen, haien identitatea nolabait egoera zaurgarrian dagoelako edo inguruan haien kontrako mezu asko entzuten dituztelako.

DIEZ: LGTBIfobia eta diskriminazioa barneratu egiten da, eta zurekin daramazu motxila batean bizitza guztian. Ondorio horiek negatiboak dira, baina aipatzekoa da nerabe batzuengan erresilientzia handiagoa izateko joera nabari dela, ez arrazoi egokiengatik, baina hor dago. 

Zerk bultzatu zintuzten ikastaroa ematera? Zein zen funtsezko ideia? 

DIEZ: Bai irakasleek bai ikasleek beti esaten digute ez dutela nahiko luketen prestakuntza LGTBI komunitatearen aurkako gorroto delituei aurre egiteko. Gure helburua zera izan da, guk ditugun baliabide horiekin behar dutenen bidelagun izatea eta irtenbide bat egon daitekeela erakustea. 

AZABAL: Ikerketetan, askotan azaleratu izan da formakuntza egokiaren falta. Beraz, pentsatu genuen guk genuen informazioa helaraztea izango zela egokiena. Gure inguruan ere irakasle asko ditugu, eta haiekin hitz egitean, galdetzen ziguten ea zer egin dezaketen horrelako egoera bat gertatzen bada, eta ea zer protokolori jarraitu behar dioten. Protokolo, araudi eta baliabide asko ditugu gure inguruan, ezagutzen ez ditugunak. Orduan, erreminta batzuk emanez, bidea egiten saiatu gara. 

Nola antzeman dezakete irakasleek gorroto delitu bat? 

DIEZ: Agerikoa ez denean oso zaila da. Irakasleak oso ondo ezagutu behar du bere taldea zerbait gertatzen ari dela jakiteko. Ikasle baten jarrera aldaketa nabaria baldin bada, jakin behar da zergatik ari zaion hori gertatzen. Adibidez, ikasle ona da eta eskolara ez joaten hasi da, zergatik? Irakasle horrek ezin badu konpondu, ez duelako konfiantzarik edo ez duelako ezagutzarik, konfiantzazkoa den norbaitengana jo behar du. Horretarako, konfiantza sortu behar da irakasleen eta ikasleen artean.

Irakasle batek gorroto edo delitu egoera bat antzematen baldin badu eta kasuan aurrera egiten ez baldin bada, garrantzitsua da erregistratzea. Eta aztertu behar da egoerak zer bilakaera duen. Eskolan, protokolo edo formakuntza integral bat jarri behar da martxan, ohartu baikara horrelako egoera bat gertatutakoan irakasleak ez dakiela zer egin behar duen. 

AZABAL: Adin horretan gerta daiteke erasoa jasan duen ikasle horrek bere burua ez identifikatzea LGTBI taldeko gisa; beraz, batzuetan zuzenean familia inplikatzea ez da aukerarik egokiena. Aldez aurretik erasoa jasan duenarekin hitz egitea komeni da, eta galdetzea zer egin nahi duen. Kasu horietan protokoloren bat aktibatzen bada, horrek esan nahi du bere identitatea azaleratuko dela, eta agian ez dago prest. Diskriminazio egoerak kudeatzea ez da batere erraza. 

Nola egin ikastetxe bat leku seguruagoa eta inklusiboagoa? 

DIEZ: Adibidez, aukera ona izango litzateke eskolan bistan dagoen hori, hau da, paretak, ateak eta jolastokia, aniztasuna eta inklusibitatea adierazten duten kartelez eta irudiz betetzea. Psikologia oso garrantzitsua da nerabeen artean, eta, esaterako, ez da nahikoa transexualitatearen aldeko bandera bat jartzea. Barneratu behar duten ideia hori hobeto adierazi behar da. Haien begietatik sartuko diren eta benetan barneratuko eta ulertuko dituzten irudiak eta sinbologiak aurkeztu behar zaizkie. Tontakeria dirudi, baina oso garrantzitsua da gazteak direnetik irudi horiek barneratzea.

AZABAL: Gazteek eta nerabeek guztiari erreparatzen diote. Orduan, ikusi nahi duenak begiratu egingo du. Eta azkenean, ikasleek esaten dute sentitu nahi dutela euren eskoletan, euren hezkuntza eremuan, euren inguruan posizionamendu aktiboa dutela erasoen aurka.

Adibidez, bada egunerokoan, ikasgelan bertan, irakasleek egiteko oso ariketa erraz bat: lehenengo egunean, ikasleen zerrenda irakurtzean, ikasle bakoitzaren izena esatean izenordainak galdetzea edo izena ondo esaten ari den galdetzea, batez ere pertsona transentzat, ikusteko hortxe dutela haiengan pentsatuko duen norbait. Agian ikasleak ez du ozen esan nahi bere izenordaina, baina badaki zerbait behar duenean norengana jo, eta, horrek segurtasun handia emango dio. 

Zer mezu zabalduko zenukete kontzientzia handiagoa sortzeko? 

DIEZ: Nerabeek beren buruarekiko kontrola dute eta ezin hobeto ezagutzen dute beren burua. Beraz, nahiz eta gu helduagoak izan, ezin diegu goitik begiratu. Helduek baino hobeto dakite zer sentitzen duten eta zer behar duten. Nerabeei entzun egin behar zaie, eta, oraindik ez dakigu oso ondo entzute aktibo hori egiten. Haien ikuspuntua jarri behar da oinarri gisa, eta ez gurea, helduena. 

AZABAL: Erabat ados. Behar duenaren ahotsa entzutea ezinbestekoa da. Nerabezaroan amorratuta zaude eta nahi duzun bakarra da zuri entzuteko prest egongo den norbait ondoan izatea. Askotan, gainera, zalantzan jartzen ditugu haien hitzak, eta, aldi berean, euren genero identitatea eta sexu orientazioa argi izatea exijitzen diegu. Beraz, garrantzitsua da nerabeei denbora uztea eta haien bidelagun izatea, eta, edozer dela ere, ondoan egotea, entzuteko eta laguntzeko prest.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.