Gaur-gaurkoz, gehiengorik gabeko tesia

Egigurenek aitortu du bere gogoeta ez dela nagusi; PSEn, bakarrik hasi zen aurreko bake prozesua ereiten

enekoitz esnaola
2014ko apirilaren 26a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Azkenaldiko gogoetak direla eta, Jesus Egiguren bakarrik dago PSE-EEn ala ez? Hark kontraesanezko mezuak eman ditu. Berriki, modu pribatuan esan du alderdian ez diotela kasurik egiten. Apirilaren 9an, berriz, bere azken liburuaren aurkezpenean kazetari batek esan zionean PSEn gehiengoa kontra duela, Egigurenek erantzun zion ea ba al dakien gehiengoa aurka duela.

2012ko urrian Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan PSEren zerrendetan ez aurkeztu —1983tik ordura artean legebiltzarkide izan zen— eta politika instituzionala utzi zuenean, «Itakara» itzuliko zela iragarri zuen; «pertsona normal bat» izatera, gaztetako zaletasunak berreskuratzera. Osasunez pattal samar zebilen; ETAk 2011ko urriaren 20an jarduera armatua utzi zuela jakinarazi zuen egun berean tentsioa hainbeste jaitsi zitzaion Egigureni, erietxera eraman behar izan zuten. Astebete egon zen morfinarekin. Hilabeteak egin zituen baxu, eta oraindik ere hartzen du sendagairik. Baina 2013ko otsailean atzera PSEko lehendakari hautatu zuten, VII. Kongresuan, Patxi Lopez idazkari nagusiak proposatuta. 2002ko martxotik dago kargu horretan. Epeek diotenez, 2017ra arte egongo da sozialisten alderdiko presidentetzan. Ez du esaten gero utzi egingo duenik. «Beste sei urte behar badira, bada, beste sei urte…», zioen orain hilabete pasa.

Hasier Arraiz Sortuko presidenteak aurreko asteburuan zioen ari dela Egigurenen azken liburua irakurtzen. Mezu zuzenak eman dizkie PSEko presidenteak, hilabeteotan esan eta idatzi baitu euskal politikan bidea aldatzeko ezker abertzaleak duela giltza eta «itxaropena» harengan duela. Sortukoek ere galdetu dute nor ordezkatzen duen gaur egun hark.

2001ean bakarrik eta bere kontura hasi zen Arnaldo Otegi Batasuneko bozeramailearekin hizketan, sekretupean. «Bakea nahi baduzu, hitz egin etsaiarekin», uste du PSEkoak, eta Elgoibarko Txillarre baserrian bilera ugari egin zuen Otegirekin. PSEko zuzendaritzan batek bakarrik zuen horren berri: Patxi Lopezek—2002tik idazkari nagusi—.Geroago batu zitzaizkion xedera Jose Luis Rodriguez Zapatero—2004tik Espainiako gobernuburu— eta Rodolfo Ares PSEko antolakuntza idazkari eta alderdiaren konfiantzako gizona EAEn.

Txillarreko bilera bakarti haietatik Loiolan Euskal Herriaren nazio izaera, erabakitzeko eskubidea, lurraldetasuna eta akordioa gauzatzeko legezko prozeduraz ados jartzera heldu ziren Batasuna, PSE eta EAJ, azkenean akordioa itxi ez zen arren. Dena dela, hitzarmena itxita ere Espainiako Estatuko agintariek beteko zuten zalantzan jartzen zuen Egigurenek berak.

Orain, «Nafarroa ardatz» izanik, «Euskal Herriaren kontzeptua berreskuratzera» dei egiten ari da hura. Loiolako elkarrizketetan ere Nafarroa aipagai bazen.

Baina hautsi egin zen bake prozesua. Gerora, iragarpen batzuk egitera iritsi zen Egiguren: 2011n helduko zela «bakea». 2011n ETAk jarduera armatua zuen, eta Egiguren, gaixotu. Baina orain badu beste helduleku bat, gogoeta gisa planteatua: Euskal Herriaren osaera politiko ez-independentea. «Ez da zientzia fikzioa», dio Euskal Herria, por un nuevo nacionalismo, vasquismo y navarrismo (Gara, Baigorri) liburuko sarreran (Euskal Herria, abertzaletasun, baskismo eta nabarrismoberri baten alde). «Ez da gehiengoa duen tesia, baina balekoa da.Xumea da asmoa».

Duela bi aste eta erdi, liburuaren aurkezpenean, aretoan 30 bat lagun ziren; ez zegoen PSEko kargurik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.