Emakumeen kontrako indarkeria

Gaur hasi dira lanean auzitegi bereziak

Emakumeen aurkako indarkeriaren arloan hiru epaitegi berezi arituko dira lanean Bilbon, Donostian eta Gasteizen, gaurtik aurrera. Orain, hiru epaitegi horien esku egongo dira emakumeen indarkeriaren inguruko gaiak. 2005eko urtarrilaren 28an jarri zen indarrean emakumeen kontrako indarkeriari buruzko lege berria. Epaitegi berezi hauek dira lege horren berrikuntza aipagarrienak.

2005eko ekainaren 29a
11:16
Entzun
154.000 euro inbertituko ditu Eusko Jaurlaritzako Justizia Sailak Bilbon, Donostian eta Gasteizen emakumeen aurkako indarkeriaren arloan aritzeko ireki dituzten hiru epaitegietan. Hiru epaitegi berrien eraikuntza lanetan 64.000 euro inguru xahutu ditu Jaurlaritzak, eta, horrez gain, informatika arloan beste 90.000 euro ere inbertituko ditu. 154.000 euro denera. Horri urtero-urtero 500.000 euro gehiago gehitu behar zaizkio, Eusko Jaurlaritzak kopuru hori jarriko baitu epaitegi horietako langileen soldatak ordaindu ahal izateko langileei ikastaroak emateko 4.500 euro ere jarriko ditu Jaurlaritzak.

Iaz, 3.158 salaketaeta 1.756 babes agindu

Gastuak gastu, Justizia Sailak balorazio ona egin du. "Hiru epaitegi hauek sortzea berri pozgarria eta interesgarria da". 18 langile arituko dira lanean hiru hiriburuetako epaitegi berrietan: Bilbon bederatzi, Donostian zortzi eta Gasteizen zazpi.

Iazko datuak errepikatzen badira, guztiak beharrezkoak izango dira. Izan ere, iaz tratu txarrak pairatu zituzten emakumeen 3.158 salaketa izan ziren Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Salaketa horiek aztertuta, denera, 1.756 babes agindu ezarri ziren.

Jaurlaritzak epaitegi hauek begi onez ikusi baditu ere, zuhur daude. "Funtzionamenduaren inguruko zenbait zalantza ditugu, legezko aginduak eta Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak ezarritako arauen zerrendak ikusita". Epaitegi hauetan gehiegizko lan zama izango den beldur da Justizia Saila. Horri aurre egiteko, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako barruti judizial bakoitzean eskumeneko organoak gai hauetan banatu dira, babes-aginduak ezarri, epaiketa arinak egin eta tramitazio osoa egiteko.

Eusko Jaurlaritza Espainiako Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiaren arauekin ez da fio, eta jada bidezkoa litzatekeen jokabide protokolo bat prestatzen ari da. Protokolo horren bidez, Justizia Administrazioaren funtzionamendu egokia bermatzea da Jaurlaritzaren helburua. Horretarako talde bakoitzaren lana zehaztu nahi du: epaileena, Fiskaltzarena, abokatuena, biktimarentzako sorosle zerbitzuena, gizarte zerbitzuena, Emakunderena eta Poliziarena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.