Ertzainek lanean jarraitzen dute asteartean Irunen errepide bazter bateko ezpondan koman aurkitu zuten emakumearen erasotzailea nor izan zen argitzeko. Eskulotuta, oinak lotuta eta ahoa tapatuta aurkitu zuten emakumea, zaurituta, eta hipotermiak jota. 24 urteko andre gazte bat da, Irungoa, eta bere bizilekutik gertu azaldu zen; itxura denez, ezpondaren gainean dagoen parke batetik jaurti zuten susmoa dago. Sastrakaz betetako leku bat zen, iristeko zaila, eta larrialdi zerbitzuek suhiltzaileen laguntza behar izan zuten hara ailegatzeko. Hobera egin du, eta konortea berreskuratuta dago dagoeneko.
Irungo Udalak ohar bat plazaratu du emakumeari gertatu zaiona gaitzesteko, eta, bide batez, elkarretaratze batera deitu du; gaur izango da, 19:00etan, Zabalgune plazan. Parte hartzeko deia egin die Udaleko Berdintasun Batzordeko partaideei, eta batzorde horretan egon gabe ere, «gizonen eta emakumeen arteko berdintasunaren alde» ari diren hiriko eragile guztiei. «Arbuioa eta gaitzespena erakutsi behar da», gogora ekarri dute udal ordezkariek.