Senideek eta hurbilekoek gaur lurperatu dute Jon Anza euskal militante ohia, Lapurdiko herri batean -ez dute jakinarazi non-. Halako ehorzketa egin nahi zuen familiak. Kazeta.info-k dioenez, ikurrina, Euskal presoak Euskal Herrira bandera eta beste zenbait ikurren artean egin dute ekitaldia.
Bertso bidez-eta Anzaren ibilbidea gogoratu dute, eta hainbat lagunek aurreskua dantzatu dute bukaeran.
2009ko apirilaren 18an desagertu zen Jon Anza. Baionan ikusi zuten azkeneko aldiz, geltokian. Tolosara zihoan, ETArekin bilera bat egitera, honek gero jakinarazi zuenez. Ofizialki aurtengo martxoaren 11n jakin zen hilda zela eta gorpua Tolosako Purpan erietxean dagoela. Informazio ofizialen arabera, preso ohia apirilaren 29an aurkitu zuten Tolosako etorbide batean osasun egoera txarrean, hiriko erietxe horretara eraman zuten, maiatzaren 11n hil zen eta harrezkero Purpaneko gorputegian egon da.
Ostiralean ekarri zuten hilotza Euskal Herrira, Ziburura (BerriaTBko bideoa). Orduan egin zioten lehen harrera. Ezker abertzaleak larunbatean omenaldia eskaini zion.
Frantziako Justiziak ikerketa zabalik du. Desagertzeari eta heriotzari buruzko galderak-eta argitu gabe dira.
47 urte zituen Anzak, donostiarra zen, baina Ahetzen bizi zen. Hogei urtean egona zen preso.
jon anza auzia
Gaur lurperatu dute Anza
Familiak jakinarazi gabeko Lapurdiko herri batean eman diote lur euskal militante ohiari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu