Nekane Murga Jaurlaritzako Osasun sailburuak astelehenean aurreratu zituen aisialdiari eragingo dioten neurri murriztaileak, eta gaur sartuko dira indarrean, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu ostean. Agindu berriak gaueko aisialdiari eragiten dio gehienbat, taberna guztiek 01:30ean itxi beharko baitute, eta ezin izango dute goizeko seiak baino lehen ireki.
Diskoteken kasuan, edukiera %60ra mugatu beharko dute, eta dantza egiteko eremua ezingo da erabili, mahaietan eserita egoteko ez bada. Ehundik gorako edukiera duten jatetxeek ere edukiera murriztu beharko dute: %80 baino ezingo dute bete, eta mahaietan ezingo dira hamar pertsona baino gehiago bildu. Era berean, gauerditik aurrera eserita kontsumitu beharko dute bezeroek taberna zein jatetxea guztietan, eta beharrezkoa izango da une oro 1,5 metroko tartea mantentzea.
Jendea pilatu daitekeen bestelako ospakizunetan ere eragina izango dute neurriok. Beilategietan, gehienez ere 60 pertsona bildu ahalko dira, eta edukiera ezingo da %60tik pasatu. Hiletetan ere, gehieneko pertsona kopurua horixe izango da: 60.
Neurriok Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako udalerri guztiei eragingo diete, baina agerraldiak izan dituzten hainbat herrik aurretik ezarritako neurri are zorrotzagoak bete beharko dituzte aurrerantzean ere: esate baterako, Eibarren, Zarautzen (Gipuzkoa) eta Ermuan (Bizkaia).
162 kasu berri Hego Euskal Herrian
Azken zenbaketen arabera, 162 kasu atzeman dituzte Hegoaldean. Herrialdeka, positibo gehien Bizkaian izan dira, beriro ere: 62. Gipuzkoan 46 kasu atzeman dituzte, Nafarroan 39 eta Araban 13. Jaurlaritzak jakinarazi du erkidegotik kanpo bi kasu detektatu dituztela.
COVID-19 gaitza dela eta, 5 pertsona daude ZIUn oraintxe, eta 37 pertsona daude ospitaleraturik Nafarroan. Jaurlaritzako Osasun Sailaren arabera, azken orduetan zazpi pertsona ospitaleratu dituzte Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Jaurlaritzak jakinarazi du uztailaren 20tik 26rako astean, pertsona bat hil zela gaitzaren ondorioz.