lan gatazkak

Gaurko bileratik soluzioren bat ateratzea espero dute Bizkaibuseko sindikatuek

Bizkaiko Foru Aldundiarekin bildu dira goizean eta arratsaldean berrekingo diote batzarrari, akordio bat bilatzeko asmoz. Lanpostu amortizaziorik ez egiteko eskatuko diote aldundiari.

Irudian, manifestazioa, atzo, zazpigarren greba egunean. MARISOL RAMIREZ/ARP
maddi ane txoperena iribarren
2014ko urriaren 22a
20:29
Entzun

Bizkaiko Foru Aldundiarekin batzartu dira gaur Bizkaibuseko sindikatuak, enpresako gatazkari aterabidea aurkitzeko asmoz. Sindikatuek lanposturik ez amortizatzea galdegin diote, eta espero dute aldundiak "soluzio bat" ekartzea mahai gainera.

Hiru ordu eta erdiz izan dira bilduta goizean, eta 17:15ean berriro ekingo diote bilkurari. Goizean "aurrerapenen bat" egin dute, baina oraindik ez dutela akordiorik egin adierazi diote UGTko iturriek Europa Pressi. "Iritzi trukaketa" izan dute goizean, zehaztu dutenez.

Egun osoko zazpigarren greba eguna izan zuten atzo sindikatuek, eta manifestazioa egin zuten Bilbon. Mobilizazioaren aurretik Iñaki San Andres ELAko delegatuak sindikatu guzien izenean hartu zuen hitza, eta erran zuen "erabatekoa" izaten ari dela greba: "Zerbitzu minimoak daude soilik". Istilurik egon ez zela gaineratu zuen, eta adierazi zuen Bizkaiko Foru Aldundiak sindikatuei deitu izana dela berrikuntza bakarra.

Gaurko bileratik soluzio bat ateratzea espero arren, aldundiaren jarreraren araberakoa izanen dela segurtatu zuen San Andresek: "Garrantzitsuena ez da bilera bera, baizik eta horren edukia. Ikusiko dugu zein izanen den mamia, eta horren arabera aztertuko dugu gatazkari aterabide bat eman diezaiokegun ala ez: aldundiaren esku dago". Akordioa betetzeko eskatuko diote sindikatuek, hau da, lanposturik ez amortizatzeko: "Aldundiak ongi daki zer eskatzen diogun".

Greba egitea garesti

Aldundiak, berriz, Bizkaibuseko grebak eragin dituen gastuak atera ditu argitara. Itziar Garamendi Bizkaiko Garraio diputatuak astelehenean adierazi zuen 600.000 euroko gastuak eragin dizkiela grebak enpresei, bete gabeko 14.300 lanorduengatik. Hori dela eta, greba bertan behera uzteko eskatu zien sindikatuei. Bestalde, gaineratu zuen hitz egiteko prest dagoela erakutsi arren elkarrizketa "zaila" dela sindikatuek "keinu txikiena ere" egiten ez dutenean: "Hitz egiteko, bakea, lasaitasuna eta grebarik ez egiteko eskatzen dugu".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.