Zortzi denboraldi, 1.117 saio eta 2.400 lehiakidetik gora. Euskara jostagarri egin duen telebista saio honek gaur agurtuko ditu ikus-entzuleak. Saio “indartsua” izango da, Kike Amonarriz Mihiluze-ko zuzendari eta aurkezlearen hitzetan. Ilaski Serrano aurkezlea lagun, eukaraz jolasteko hamaika modu badaudela erakutsi dute.
Punta-puntako lehiakideak izango ditu agur saioak: Realeko Asier Illarramendi eta Iñigo Martinez, Goenkale-ko Maitena Salinas eta Miren Gaztañaga, eta Abel Barriola eta Inaxio Perurena leitzarrak lehiatuko dira. Ez dira bakarrik egongo. Aitziber Garmendia, Asier Hormaza eta Sara Cozar aktoreen laguntza izango dute Mihiluzeko Ginkana osatzeko.
Horrez gain, saioko historiaren unerik hunkigarrienak eta dibertigarrienak gogoratuko dituzte, eta saioa barrutik nola egiten den erakutsiko dute. Ikus-entzuleak ere sarituko dituzte; finalera zein bikote iritsiko den asmatuko duenak zakua irabaziko du.
2006ko otsailaren 2an estreinatu zuten Mihiluze, eta ordutik sari eta aitortza ugari jaso ditu. 2008. urtean, Argia saria eman zioten, eta 2011n, 17. Korrikaren mezua irakurri, eta azken kilometroan lekukoa eraman zuten Kike Amonarrizek eta Ilaski Serranok. Telebistatik at ere bidea egin du saioak. 2009. urtean Mihiluze-ri buruzko EHUko udako ikastaro berezia antolatu zuten Donostian. Gainera, mahai joko eta ordenagailuko joko bihurtu da, eta herri askotako festetan antolatu dituzte Mihiluze-ak. ETBtik kanpo ere arrakasta eduki du lehiaketak: Kataluniako TV3n Bocamoll bertsioak lau denboraldi egin zituen.