Hego Euskal Herrian, gaur sartu da indarrean etxeko animaliak sentikortasuna duten izaki gisa izendatzen dituen lege berria. Batez ere, haien jabeak banatzen edo dibortziatzen diren kasuetan izango du eragina legeak. Adostasunik ez dagoen kasuetan, epaileen esku egongo da animalia norekin egongo den erabakitzea. Animaliaren ongizatea kontuan hartu beharko dute animalia norekin joango den erabakitzerakoan, eta epaileak haren zaintzagatik mantenu gastuak ordainarazi diezazkioke beste jabeari.
Epaileek kontuan hartuko dute, halaber, dibortzio kasuetan etxeko animaliak ere mina eragiteko tresnatzat erabil daitezkeela. Horrenbestez, erabaki ahal izango dute umeen zaintza kentzea pertsona bati, animaliari tratu txarrak eman badizkio edo hari min egitearekin mehatxatzen baditu, umeen beste gurasoari min egiteko.
Testamentuetan ere kontuan hartuko dituzte animaliak. Jabeak aurrez zehaztu ez badu, hura eskatzen duten senideei emango zaie. Inork ez badu haren kargu egin nahi, administrazioak beste norbaiti emango dio.
Galdutako animalien kasuan, aurkitzen duenak bere jabeari itzuli beharko dio, eta aukera izango du zaintzagatik edo hura sendatzeagatik izandako gastuak bueltatzea eskatzeko. Tratu txarren jaso izanaren edo abandonu zantzuak aurkitzen badizkio, ez du zertan jabeari itzuli, baina arlo horretan eskuduntzak dituzten agintariei jakinarazi beharko die. Gainera, trafiko istripuetan animaliak ere artatu beharko dituzte.