2008an sortu zenetik, nabarmen hazi da Ideateca.com, eta horretan badu erantzukizunik webguneko marketin arduradun Iruri Knorrek (Gasteiz, 1979). Betor hitzaldi sorta antolatu dute CodeSyntaxek, Miramon Enpresa Digitalak eta BERRIA Taldeak, Interneteko ekintzaile euskaldunen esperientziak ezagutzeko, eta jokoen merkatuaz arituko da Knorr gaur, Donostiako Okendo kultur etxean, 18:00etan.
Nola sortu zen Ideateca?
Eneko Knorrek sortu zuen, 2008an. Milaka ideia zituen Interneten inguruan, eta ideia horiek argia ikustea nahi zuen. Talde heterogeneo bat osatu genuen, programatzailez, diseinatzailez eta marketin alorreko jendez osatua. Merkatuan falta ziren zerbitzuak kaleratzea genuen helburu, eta, proiektuak eginez, bideo jokoetara iritsi ginen. Esparru horretan lortu dugu arrakasta.
Zein berezitasun ditu jokoen merkatuak?
Oso merkatu polita da, berria baita. Bideo joko tradizionalak zaharrak dira, baina egungo bideo jokoen mundua berria da, industria honetako enpresak berriak gara, batez ere Casual Games delako bideo jokoei dagokienez. Sakelako telefonoetan, joko errazek dute arrakasta, bi edo bost minututarako direnek, ez konplexuek. Merkatu horrek aukera eman die ez soilik enpresa handiei, baizik eta baita programatzaileei eta unibertsitateko ikasleei ere. Asko dibertsifikatu dira ekoizleak.
Beraz, sarea leiho ezin hobea da ekintzaileentzat?
Hala da. Interneten, hasieran, zentzu bakarreko komunikazioa zegoen; enpresek komunikatu egiten zuten, eta jendeak, informazioa jaso. Gero, jendeak edukiak komenta zitzakeen. Egun, edonor da ekoizle. Blogak sor ditzakegu. Irakurleak ekoizle bihurtu dira. Bi aldekoa da komunikazioa, eta horrek ahalbidetzen du edonork edukiak egitea eta ezagutaraztea.
Lau urtean 90 herrialdetara zabaldu dituzue zuen produktuak. Zein da sekretua?
Zoritxarrez, ez dugu sekretua ezagutzen. Merkatua oso globala da, ekoizle txikiek ere badute lekua, eta erraza ez den arren, lehen baino errazagoa da leku gehiagotara iristea. Gure sekretua da atsegin ditugun produktuak plazaratzea. Ez ditugu produktuak bezeroentzat egiten, guk nahi ditugunak baizik. Zorrotzak gara kalitatearekin; ez dugu edozer kaleratzen.
Krisirik nabaritu al duzue?
Uste dut krisialdi honetan aisiak ez duela asko sufritu. Jendeak gero eta denbora gehiago igarotzen du ordenagailuaren edo sakelako telefonoaren aurrean, eta, beraz, asko igo da sakelakoetarako aplikazioen eta jokoen eskaera. Gu merkatu horretan geunden, eta ez dugu gehiegi nabaritu krisia.
Facebooken hasi zineten lanean; ondoren, sakelako telefonoetan, eta, orain, HTML5en zabiltzate. Etengabe berritzera behartuta zaudete?
Hori da guretzat garrantzitsuena: etengabe ikustea zer datorreneta, ahal bada, besteak baino lehenago iristea. Facebooken hasi ginen; berehala ikusi genuen sakelakoen iraultza, eta nabaritu genuen plataformen arteko konexio bat behar zela. HTML5ak ematen digu estandarizazio hori. Zalantzarik gabe, HTML5a da etorkizuna, eta hor gaude buru-belarri. Horretarako jarri dugu hanka bat San Frantziskon [Ameriketako Estatu Batuak], han mugitzen baita teknologia guztia.
Bilbon duzue egoitza, eta beste batAEBetan. Nola egiten da salto hori?
Esan ohi da teknologia berriei esker ez dela beharrezkoa leku batean fisikoki egotea, baina, maila handiko akordioak lortzeko,AEBetan oso zaila da kanpokoekin konfiantza izatea. Teknologia han mugitzen da; orain han gertatzen dena hemen gertatuko da urtebete barru, eta oso garrantzitsua da bertan egotea.
Euskal Herrian ba al dago mugimendurik teknologia berrien inguruan?
Hiru urtean asko mugitu da merkatu hori Euskal Herrian. Gazteak indartsu datoz; unibertsitatetik atera berri asko ikusi ditugu teknologia berrien inguruko enpresak sortzen, eta hori oso seinale ona da sektorearentzat.
Zer gomendatuko zenioke ekintzaile hasiberri bati?
Teknologia berrietan ekitea beste sektoreetan baino errazagoa eta merkeagoa da, hasierako inbertsioa ez baita hain handia. Programazioa, sormena eta orduak behar dira, baina ez azpiegitura asko. Gauzak egitea da gomendio bakarra. Gure proiektu onenak ez dira sortu mahai baten inguruan hitz eginez, gauzak eginez eta hanka sartzeetatik ikasiz baizik.
Iruri Knorr. 'Ideateca.com' webguneko marketin burua
«Gauzak eginez eta hanka sartzeetatik ikasiz sortu dira gure proiektu onenak»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu