mundua

Gazako blokeo politikari buruzko plan zehatzak aitortu ditu Israelek

Gisha gobernuz kanpoko Israelgo erakundeak Tel Aviveko auzitegian Gazako blokeo politikaren gaineko dokumentuak erakusteko eskatu dio Israelgo Gobernuari, baina Tel Aviv ez dago dokumentuak desklasifikatzeko prest, "segurtasunagatik". Egon badaudela onartu du, hala ere.

2010eko maiatzaren 6a
15:04
Entzun
israelgo Gobernuak onartu du lau dokumentu dituela Gazako blokeo politikari buruz, nahiz eta orain arte defendatu duen ez dagoela haren gaineko plan zehatzik. Hala ere, ez dago prest Gisha gobernuz kanpoko Israelgo erakundeak Tel Aviveko auzitegian eskatutakoa betetzeko. Dokumentuak desklasifikatzea "segurtasun nazionalaren kontra doa, eta seguruenik Israelen nazioarteko harremanen kontra", auzitegiari emandako erantzunaren arabera.

Dokumentuetan, herritarrek jaso beharreko elikagaien gutxienekoa zehazten dute, premiazko beharrak asetzeko kopuruak zein diren; hara eramateko onartu dituzten elikagaien eta gainerako gaien zerrenda bat ere ageri da, eta horiek kontrolatzeko moduak.

Lerro gorriak da dokumentu baten izenburua. Estatuak azaltzen duenez, "zirriborro" bat besterik ez da, han defendatzen diren puntu nagusiak atzera bota baitzituzten, eta "inoiz ez dira oinarri izan" euren blokeo politikan.

israelek 2007tik Gazara sartzen diren elikagaiak kontrolatzen ditu, herritarren krisi izugarria saiheste aldera, baina premiazko beharrak asetu gabe. Lau urte jasaten ari dira herritarrak Israelek Egiptoren laguntzarekin ezarritako blokeoa.

33 atxilotuIsraelgo armadak 33 palestinar atxilotu ditu Zisjordaniako Ramalan eta Naplusan. Armadak ohikoa du atxiloketak egitea gauean edo goizaldean, baina ohi baino gehiago dira gaurko atxiloketak. Atxilotuak galdeketak egitera eraman dituzte. Tel Avivek Zisjordaniako hiri nagusien segurtasuna pixkanaka PAN Palestinako Aginte Nazionalaren esku uzten ari bada ere, gaueko atxiloketak egiten jarraitzen du.



Bien bitartean, bake akordioa bideratzeko elkarrizketekin jarraitzen dute israeldarrek eta palestinarrek, AEBen Ekialde Hurbilerako ordezkari Geiorge Mitchell bitartekariaren bidez, zeharkako negoziazioak hasteko asmoz. Ehud Barak Israelgo Defentsa ministroaren bilerarekin hasi ditu gaurko elkarrizketak Mitchellek, eta arratsaldean, Benjamin Netanyahu lehen misnistroarekin egingo du bilera, atzo hitz egindakoari jarraipena emateko. Bi aldeak ezkor dira gerta daitekeenaren inguruan, eta horregatik edozein dela aurrera urratsa, arrakastatsua izango da, ezer gutxi espero baitute.

Bihar, berriz, Simon Peres Israelgo presidentearekin eta Mahmud Abbas PANeko presidentearekin egongo da, eta larunbatean gainerako arduradun palestinarrarekin egingo du bilera.

Bilera hauen helburua da bakerako negoziazioak hasteko bidea egitea, eta PANek ontzat ematen duenean zeharkako negoziazioekin hastea espero dute, ziurrenik asteburuan. 2008ko abenduan Israelgo armadak Gazan egin zuen Berun urtua operazioaren osteko lehen saiakera da bake prozesuari ekiteko. Operazio hartan 1.400 palestinar baino gehiago hil zituzten israeldarrek, horietako gehienak zibilak. Zeharkako negoziaziook lau hilabete inguru iraungo dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.