EH Bilduk legez besteko proposamen bat aurkeztu du Eusko Legebiltzarrean, eta beste bat Nafarroako Parlamentuan, zera eskatzeko Eusko Jaurlaritzari eta Nafarroako Gobernuari: eten dezatela Palestinaren «okupazioan eta errepresioan» zuzenean edo zeharka parte hartzen duten edo onuraren bat ateratzen duten enpresekin bi gobernuek egun indarrean dituzten kontratu eta lankidetza harreman oro. Horretarako, kontratu horiek berrikusteko mekanismoak jartzea galdegin die, harreman horiei ahalik eta lasterren amaiera emateko.
Era berean, bi gobernuei galdegin die kontratazio publikoa bidera dezatela «giza eskubideak», nazioarteko lan arauak eta nazioarteko zuzenbidearen printzipioak errespetatzen dituztela egiaztatzen duten enpresa eta hornitzaileetara. Hori lortu ahal izateko, EH Bilduk uste du Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak gizarte klausulak eta giza eskubideei buruzko xedapenak txertatu beharko lituzketela kontratazio publikoetan, Europar Batasuneko estandarrei jarraituta.
Horrez gain, koalizio subiranistak bi gobernuei eskatu die etorkizunean kontratu harremanik edo lankidetza akordiorik ez egiteko Palestinako lurraldeen okupazioan eta errepresioan erabilitako armamentua, teknologia militarra edo zaintza teknologia ekoizpenean, horniduran eta merkaturatzean parte hartzen duten enpresa israeldarrekin.
Beste eskaera bat ere jasoa dago legez besteko proposamenetan: zehazki, EH Bilduk gobernuei eskatu die Israelgo ordezkariak barne hartzen dituen merkataritza, kultura edo kirol jarduerarik ez babesteko, eta nazioarteko legeria bete arte horiekin lankidetzan ez aritzeko.