«Gizarte zibila ari da egiten estatuak ausartzen ez direna», esan diete herritarrek agintariei, gaur. «Gobernuek ez badute ekiten, guk egingo dugu. Isiltasuna ez da aukera bat». Milaka herritar atera dira kalera Euskal Herrian, Israel Palestinan egiten ari den genozidioa salatzera eta Palestinari elkartasuna adieraztera. Izan ere, gaur arratsaldean zabaldutako mezuaren arabera, «Palestinak ezin du gehiago itxaron». Horregatik, munduaren erantzuna ikusita, jarrera argi bat hartzea premiazkoa dela uste dute: «Edo bizitzaren eta duintasunaren alde gaude, edo genozidioaren konplize gara».
Protesta egiteko nazioarteko eguna da gaur: Ekintza Globalerako Eguna, Palestinako GKEen Sareak eta mundu osoko mugimendu sozialek bultzatuta. Oihu bat nagusitu da arratsaldeko Bilboko, Gasteizko eta Iruñeko mobilizazioetan: «Genozidiorik ez, konplizitaterik ez!». Gazarako Mugimendu Globalaren Euskal Herriko ordezkaritzak antolatu ditu mobilizazio horiek.
Bilbon, ehunka herritarrek bat egin dute deialdiarekin. Manifestazioan abiatu aurretik, Eusko Jaurlaritzaren ordezkaritzaren aurrean hamar minutuko elkarretaratzea egin dute Jesusen Bihotza plazan bildutakoek. Izan ere, gobernuak «genozidioaren konplizeak» direla salatzea ere bazen gaurko mobilizazioen helburua. Behin elkarretaratzea eginda, Plaza Eliptikora bidean abiatu dira manifestariak, bertan baitago Espainiako Gobernuaren ordezkaritza.
«Lapurtutako lurrak berreskuratuko dira» eta «Erasoen gainean Global Sumud Flotilla aurrera» irakur zitekeen pankarten atzean egin dute ibilbidea manifestariek. Bidean handituz joan da jendetza, kale bazterretan kartelak igaro zain zeudenak martxara batu ahala. Beste behin, Palestinaren alde eta Israel egiten ari den genozidioaren kontra eztarriak urratzeko prest daudela erakutsi dute herritarrek BIzkaiko hiriburuan; beste behin, Palestinako banderaz bete dituzte kaleak.
Helmugara iritsita, Plaza Eliptikoa txiki geratu zaie, eta askok errepidean geratu behar izan dute gaurko mobilizazioen adierazpena entzun ahal izateko. Mezua arabiarrez, euskaraz eta gazteleraz irakurri dute pertsona banak.
Besteak beste, Israeli armen blokeoa ezartzeko eskatu dute mobilizazioen antolatzaileek. Horrek esan nahi du herrialdeek berehala debekatu beharko luketela Israeli armak esportatzea, handik armak inportatzea, hara doazen armak herrialdeetatik igarotzea eta lankidetza militarrean jardutea.
Israelekiko harreman guztiak etetea nahi dute, «okupazioak eta genozidioak irauten duten bitartean». Harremanen barruan sartzen dira diplomatikoak, merkataritzari dagozkionak, kulturakoak eta kiroletakoak ere bai.
Irakurketarekin amaitzean, Palestinaren egoerari eta flotillarekin gertatzen denari adi egotera deitu dute: gogorarazi dutenez, dagoeneko birritan eraso diete Gazara doazen ontziei. Zer edo zer gertatuz gero «kaleak hartzera» deitu dute.
«Gobernuen koldarkeria»
Global Sumud Flotilla Gazara bidean da, Israelek blokeoa urratzeko asmoz. Berrogei herrialdetako pertsonak parte hartzen ari dira ekintza horretan, «bai nazioarteko zuzenbideak, bai herrien duintasunak babestuta». Babes eraginkorra eta berehalakoa eskatu dute harentzat: Flotilla Gazara helduko dela eta nazioarteko zuzenbidea errespetatuko dela bermatzea. Halako desobedientzia ekintza baten indarra nabarmendu dute: «Flotillaren existentzia hutsak agerian uzten du gure gobernuen koldarkeria. Genozidioaren konplize dira Israelen erregimen sionistari armak, dirua eta harreman politiko, diplomatiko eta komertzialak emanez». Zaku horretan sartu dute Espainiako Gobernua: «Aurten, Israelgo armen Europako erosle nagusia bihurtu da». «Hipokrisia» egotzi diote Eusko Jaurlaritzari, CAF tren eta autobus ekoizlean dirua inbertitzen jarraitzeagatik.
Beste eskaera bat ere egin dute: Gazaren blokeoa amaitzea eta nazioarteko giza korridore seguru eta iraunkor bat zabaltzea.