Gaur bertan Gazako zenbait haur iristekoak dira Hego Euskal Herriko zenbait ospitaletan artatuak izateko; EAEn bost artatuko dituztela adierazi dute, baina ez dute zehaztu zenbat joanen diren Nafarroara. Espainiako Osasun Ministerioak Defentsa Ministerioarekin elkarlanean antolatutako operazio berri batek hori ahalbidetzen du: Hegoaldeko ospitaleetan banatuak izanen dira adingabeak, hala nola Donostia Ospitalean Gipuzkoan, eta Gurutzetako Ospitalean eta Basurtuko Ospitalean Bizkaian.
Eusko Jaurlaritzako Osasun Batzordeak zehaztu du bost haur hartuko dituztela EAEn, eta adierazi «Israelen erasoen ondoriozko traumatismoak» sendatuko dizkietela. Bost adingabeekin batera, hamalau senide ere iritsiko dira, Alberto Martinez Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak jakinarazi duenez. Martinezek adierazi du «patologia askotarikoak» dituztela haurrek, eta zerbitzu hauetan artatuko dituztela: «Traumatologia, onkologia eta hematologia, sortzetiko kardiopatiak, neurologiak, nefrologiak, oftalmologia eta arlo gastrointestinala».
Espainiako Osasun Ministerioak zehaztu du Espainiako Torrejon de Ardozko aireportura iritsi direla goizaldean, Gazako zerrendatik.