Gazte bat atxilotu du Ertzaintzak Barakaldon, kale indarkeria egotzita

Duela bi urteko maiatzean Banco de Santanderreko kutxa automatiko bati su ematea leporatu diote

Erredakzioa
Bilbo
2010eko azaroaren 17a
00:00
Entzun
Ertzaintzak gazte bat atxilotu zuen atzo Barakaldon, kale indarkeriako ekintza bat leporatuta, Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak adierazi zuenez.

Zehazki, 2008ko maiatzaren 7an, beste pertsona batekin batera, herri horretako Joan XXIII.a kalean dagoen Banco de Santanderren bulegoaren kutxa automatikoa erretzea leporatu diote, eta Espainiako Auzitegi Nazionaleko Eloy Velasco epailearen aginduz egin zuten atxiloketa, iturri horiek adierazi zutenez.

Herrizaingo Sailaren arabera, Igor Cachorro da atxilotutako gaztea, 30 urtekoa eta Barakaldoko herritarra. Atzo eguerdi aldera atzeman zuten, Terrorismoaren Aurkako eta Informazio Dibisioko eta Sestaoko polizia etxeko agenteek. Atxilotuaren bizitokia ere miatu zuten ordu batzuez. Eraikinaren inguruetan egon ziren lekukoen arabera, 15:00ak aldera amaitu zuten miaketa, eta atxilotuarekin batera alde egin zuten etxebizitzatik. Miaketak iraun zuen bitartean etxe inguruan bildu ziren pertsona batzuek elkartasuna adierazi zioten atxilotuari.

Laugarren operazioa

Herrizaingo Sailak berak gogorarazi duenez, azken asteetan kale indarkeria egotzita Ertzaintzak egindako laugarren operazioa izan da atzokoa.

Joan zen astean, esaterako, 2002an Bilbon autobus bat erretzea leporatuta, Iñaki Bengoa atzeman zuten Busturian. Atxiloketa hori ere Espainiako Auzitegi Nazionalak agindu zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.