Gazte bat hil da gaur arratsean, Abantoko Campillo industrialdean bere autoak beste baten aurka jo duenean. Istripuaren eraginez beste pertsona bat zauriturik dago. Auto ilarak daude Donostiarako noranzkoan.
Moto gidari bat, Tuteran
Goizean ere izan da ezbeharrik. Nafarroako Gobernuak jakinarazi duenez, moto bateko gidaria hil da gaur goizean Tuteran (Nafarroan). AP-68 autobidean gertatu da ezbeharra, Espainiarako noranzkoan.
Guardia Zibilak jakinarazi duenez, 11:05ean izan da istripua. Motoko gidaria errepidetik atera da, eta baranda bat jo du. Hildakoak 37 urte zituen, eta Huartekoa zen.
Zailtasunak errepideetan
Bi ezbehar horiez gain, zailtasun franko egon dira gaur Euskal Herriko errepideetan, eta auto ilara bat baino gehiago egon dira. Goizean goiz zirkulazio astuna egon da Baionan A-63 autobidean bi noranzkoetan, errepidean egiten ari ziren lanengatik. Gerora, arratsaldean zirkulazio ilarak egon dira Balmasedan (Bizkaia) A-8an furgoneta batek su hartu ondoren. Gernikan ere auto pilaketak izan dira, B-635 errepidean Zornotza bidea. Gipuzkoan ere arazoak egon dira. Leintz Gatzagan kamioi bati burdinezko pieza batzuk erori zaizkio, eta pilaketak eragin ditu Arrasaterako norantzan, GI-627 errepidean.