Alderdien Espainiako Legea betearazteko ahaleginetan, Batasuna soilik ez, Segi ezker abertzaleko gazte erakundea ere legez kanpokotzat jo zuen Baltasar Garzon epaileak 2002an. Alderdia moduan, ordea, Iparraldean legezko izaten jarraitu zuen gazte erakundeak ere.
Iazko ekainean jakinarazi zuten Segi desegiteko erabakia. Gazte erakundea "tresna gisa" amaitu zela adierazi zioten BERRIAri Txomin Catalogne eta Amaia Elixiri Segiko kideek, eta fase berri batera egokitu beharra zegoela. Urte erdi geroago, antzerako arrazoiak azaldu dituzte gaur Batasuneko kideek, alderdiaren desegitea argudiatzeko.
Lehenago, 2011ko urriaren 1ean, ETAk bere jardunaren behin betiko etena iragarri baino hiru aste lehenago, desegiteko erabakia plazaratu zuen Ekin erakundeak. Gara kazetak argitaratutako elkarrizketa batean, ezker abertzalearen apustu estrategiko berriarekin bat egin zutela adierazi zuten, eta apustu berri hori ETAren sorreratik ezker abertzalearen barruan egindako aldaketa handiena dela gaineratu zuten.