«Gazte perspektibako diskurtsoak» irudikatzeak eta sustatzeak berebiziko garrantzia du euskararen biziberritzean ere; euskararen atzeraldia agerikoa da zenbait eremutan, oldartzen eta ozentzen ari dira euskararen kontrako mezuak hainbat esparrutan, eta hor gazteek ere behar dituzte tresnak, argudioak eta aterpeak. Eta, hain justu ere, hor eragitea du bere jardunaren helburu nagusietako bat Gazte Euskaltzaleen Sareak. «Euskarari atzerakada eragiten ari zaizkion garai honetan gazte diskurtso berriak sortzea gazteen aktibazio masibo baterako: hori da guk eragile moduan ikusten dugun funtzioa», azaldu du sareko kide Unai Foruriak. Eta justu bide horretan hazten jarraitzeko topaketa bat egingo dute larunbatean, Iruñean. Bi lelok ardaztuko dute bilkura. Nora joan nahi duten esateko da horietako bat: Gazteok euskararen herrirantz. Bide horretan aurrera egiteko zer egin behar den adierazteko da bestea: Normaltasun berriak saretu.
Bi leloen muinean dago sarearen jarduna beti hauspotu duen lema: Euskaraz biziko den belaunaldia gara. Propio topaketarako deia egiteko atera duten mezuan izena ematera animatu dituzte gazte euskaltzaleak. «Elkartzeko, hausnartzeko eta saretzeko eremua ireki nahi dugu ikasturte bukaera honetan», azaldu dute. Bada oraindik horretarako modua. «Izena emateko epea aste amaieran itxiko dugu», zehaztu du Foruriak. Aralar plazan hasiko da bilkura, zezen plazaren ondoan. Ondoren, hiriko beste hainbat toki ere hartuko dituzte gazteek.
Gazte euskaltzaleek gogora ekarri dute ezinbestekoa dela errealitate berriak irudikatzea: egungo ikuskerak auzitan jartzea, iraultzeko ahalegina egitea. «Gaur egun, erdarak dira normalak. Horrek euskararen herrian egoera anormala behar luke izan, baina, gaur-gaurkoz, lanean, hezkuntzan, kalean... Normala da», adierazi dute. «Normaltasun hori arrotz ikusten dugun norbanako, gazte mugimendu, aisialdi talde edo euskara talde horietan beharrezkoa dugu gazte euskaltzaleok saretzea, denok batera egin dezagun bultzada».
«Behar dira diskurtso batzuk gaur egungo gazteriarengana heltzeko, benetan inpaktu bat izateko haien kontzientzietan»
UNAI FORURIAGazte Euskaltzaleen Sareko kidea
Garrantzitsua iruditzen zaie gazteak erakartzeko ateak irekitzen segitzea ere: gazteak euskaltzaletzea. «Behar dira diskurtso batzuk gaur egungo gazteriarengana heltzeko, benetan inpaktu bat izateko haien kontzientzietan», gogora ekarri du Foruriak. Hain zuzen ere, hori da egun esparru askotan indarra hartzen ari diren diskurtso «atzerakoiei» eta «erregresioei» kontra egiteko bideetako bat.
Goizetik iluntzera
11:00etan izango da topaketan parte hartuko duten gazteen harrera, eta 11:30ean hasiko da Elkarrekin, euskararen herrirantz mintzaldia. Euskalgintzaren Kontseiluko ordezkari Patxi Martin eta Gazte Euskaltzaleen Sareko Izar Zubiaga izango dira solaskideak. Ondoren, bazkaria izango dute, eta elkarren berri izateko esparruak irekiko dituzte, festa giroan, iluntzera arte: «Saretzeko».
Izan ere, horixe da sarearen beste helburuetako bat: gazte euskaltzaleen arteko harremanak jostea eta sendotzea. Hasieratik izan da, orain dela lau urte sarea eratzen hasteko lehenengo urratsak egin zituztenetik. Hain justu ere, Durangon (Bizkaia) 2021ean hainbat gazte euskaltzalek egindako bilkura batean izan zuen sorburua mugimenduak, eta trinkotzen jarraitzeko asmoz egin dituzte ondoren hainbat topaketa eta mobilizazio. «Ikusten genuen Euskal Herrian sortzen ari diren eta sortuta dauden gazte taldeek, espresio ezberdinek, behar genuela nolabaiteko zoru amankomun bat diskurtsiboki, eta, baita ere, elkar ulertzeko eta gure errealitate ezberdinak ulertzeko», gogora ekarri du Foruriak.
Izan ere, herrialdeka, euskarak duen aitortza juridikoaren edota errealitate soziolinguistikoaren arabera, egoerak askotarikoak dira, eta horregatik da garrantzitsua «zoru komun» bat izatea, Euskal Herrian antolatu eta ulertu beharreko borroka delako hizkuntzarena, eta oinarrian, gainera, egoera bidegabeen atzean dauden ezaugarri asko antzekoak direlako Deustun eta Tafallan, Aian eta Atarratzen, Zuian eta Zarautzen. Horren gaineko gogoeta egin dute gazteek topaketaren harira atera duten mezuan ere: «Euskaraz bizitzeko nahia dugun gazteok oztopo anitz topatzen ditugu, desberdinak lurraldearen arabera; denak dira, ordea, atzoko eta gaurko zapalkuntzen seinale: Frantziako eta Espainiako estatuen estrategia zapaltzaileena, hain zuzen ere».
Aurrez egindako topaketetan ere behin baino gehiagotan adierazi dute: inguruan gazte gehiago nahi dituzte, eta sarean egoteko «modu ezberdinak» daudela ere adierazten ahalegindu dira horretarako. Jendea animatu nahi dute, batez ere, parte hartzera. Eta aldarri hori bera egin dute larunbatean Iruñean egotea garrantzitsua dela gogorarazteko ere: «Nork bere lekutik eta egoeratik, hautu indibidual eta kolektiboak hartzea dagokigu, eta horretarako ekimenak behar ditugu».