GAZTETXEAK ETA OKUPAZIOA

Gazte kulturari eraso

Gazteek gazteentzat sortutako guneak dira, aniztasuna da nagusi, guztiz desberdinak dira; baina bada antzekotasunik guztien artean: agintariek husteko daukaten grina

DONOSTIA
2004ko uztailaren 7a
00:00
Entzun
Maiatzaren 25ean, goizeko zortzietan, Bilboko udaltzainek, suhiltzaileek eta udaleko arkitektoek Santutxuko Sorgintxulo Gaztetxea husteko saioa egin zuten. Ezin izan zuten, baina, gazteen eta herritarren indarrarekin: Sorgintxulok bizirik jarraitzen du. Algortako Gaztetxeak, ordea, ez zuen patu bera izan. Ekainaren 30ean hondea makina batek, mementuz, Algortako gazteen ametsa desagerrarazi zuen: okupatu berri zuten gaztetxea suntsitu zuten.

Zaila suertatzen da gaztetxearen definizio zehatza eskaintzea. Izan ere, bakoitzak ezaugarri propioak ditu eta, maiz, ez dute elkarrekin zerikusirik. Baina bada Euskal Herri osoko gune alternatibo horiek batzen dituen zerbait: agintariek etxe horiek husteko duten irrika. Barañaingo Gaztetxea, Iruñekoa, Santutxukoa edota Gasteizkoa adibide garbiak dira. Eraso guztien gainetik, baina, Euskal Herriko hamaika txokotan gaztetxeek bizirik jarraitzen dute. Gazteek herri edota auzoetan hutsik dauden etxeei erabilpena ematen diete, hilik dauden eraikinak berpiztu. Duela 16 urte, 1988ko apirilaren 28an, Gasteizen San Prudentzio eguna ospatzen ari zirela, 300 gaztek Apezpikutzaren lorazainaren etxea izenarekin ezaguna zen eraikina okupatu zuten. «Garai hartan ez zegoen gazteak biltzeko inolako gunerik, gazteek hainbat arazo zituzten eta lan egiteko tresna bat behar zuten», azaldu dio Ekaitz Lotina Gasteizko Gaztetxeko kideak Berriari. Horretaz gain, Gasteizen erabiltzen ez ziren eraikin ugari zeudela eta daudela ere azpimarratu du Lotinak. «Halere, okupazioa ez zen bat-bateko zerbait izan. Urte eta erdi lehenagotik biltzen zen okupazioa bultzatu zuen talde kulturala».Urte horietan hainbat ekimen antolatzeko beta izan dute Gasteizko gazteek. «Ez dugu gaztetxea ekimenak antolatzeko gune bezala soilik ulertzen; jendeak nahi duenerako erabili dezake. Betiere zentzu alternatiboa mantenduz eta gainontzekoei zerbait eskaintzeko helburuari erantzunez». Oro har, era guztietako pertsonak gerturatzen dira gaztetxera, helduak, haurrak edota gazteak: «Betiere zenbait kezka ditugunak biltzen gara hemen».Gasteizko Udalak ez du begi onez ikusten gazteen ekimena: «Gaztetxea sortu zenetik izan ditugu Udalarekin arazoak. Hasieran apezpikuak jarri zituen oztopoak, izan ere, etxea hutsik egon arren, apezpikuarena zen. Ondoren udalak hartu zuen bere lekua. Hasieran EAJ zen, ondoren PP izan da».Gaztetxearen 7. urteurrenarekin hasi zen Udala Gaztetxea botako zuela esaten. Gazte sormena lantzen den gunearen ordez aparkaleku bat eraiki nahi zuten. «Hala ere, azken urteetan PP buru duen Udalaren jarrera oso bortitza izan da. Gaztetxea kriminalizatzen saiatu dira. Horretarako, komunikabideetan gure gaineko hainbat gezur zabaldu dituzte», salatu du Lotinak. Eraso guztien gainetik auzokideen babesa izan dute Gasteizko Gaztetxean: «Zorionez jendeak gaztetxea zer den ulertu duela uste dugu. Gainera, auzoko kide gara, horregatik, Auzoko Elkarteko bileretara joaten gara eta bertako hainbat talderekin harremanak ditugu. Ingurukoak errespetatzen ere saiatzen gara; denon aldetik zerbait jarrita arazoak saihestu daitezke». Auzokideek emandako babesak Udalaren jarrera lasaitzea ekarri zuela azaldu du Lotinak. Halere, egoera ez da guztiz baretu: «Udalak auzoa birmoldatu nahi du. Horretarako hainbat etxe bota behar dira». Funtsean, gaztetxearen aurkako erasoek, helburu ekonomikoaz gain, politikoa ere badutela deritzo gasteiztarrak: «PPk ez ditu gustuko gaztetxeak suposatzen duen alternatiba eta bultzatzen dituen balioak. Beraien kontroletik kanpo geratzen den oro zapuztea da hoberena». Gasteizko Gaztetxea ez da, ordea, agintariekin arazoak dituen bakarra. Maiatzean Bilboko Udalak Santutxuko Gaztetxea husteko agindu zuen. Gazteek ateak zabaltzeko asmorik ez zutenez, suhiltzaileek eta Ertzaintzak esku hartu behar izan zuen.

Oztopoak saihesten abilak

Agintariek jarritako zangotrabak eroso saihestu dituzte Sorgintxuloko gazteek, izan ere, auzokideen sostengua dute. Gorka Irurtia gaztetxeko kideak azaldu duenez: «Harreman ona dugu Santutxuko jendearekin, harrera eta jarrera ona dute gurekiko. Guztiek ikusten dute zer nolako lana egiten ari garen, hilda zegoen gunea berpiztu dugula ikusi dute. Herriaren alde lan egiten dugula». Francisco Franco diktadorearen garaian presondegi izan zenak hamaika aldaketa jasan ditu urteen poderioan. Eskola edota zinema moduan erabili zen hainbat urtetan. 16 urtez hutsik egon ondoren, baina, «gazteentzako lekua, gazteen irrikiak eta kezkak plazaratzeko gune» bihurtu zen 1999an.

Sorgintxulok ere lehen unetik izan zituen arazoak. «Hasieran elizarena zen eraikina. Ondoren, Bilboko Udalari eman zioten jabetza. Gaztetxea okupatu aurretik eraikina erortzear zegoela esaten zuten, ezin zela ezer egin. Sorgintxulo jaio zenean, berriz, proiektuz beterik zeuden». Udalak adinduentzako eguneko zentro bat atondu nahi du Sorgintxulon. «Funtsean, erabakia Sorgintxulo desagerraraztea da. Udalaren erabakia, ordea, ez dute begi onez ikusten auzokoek; izan ere, 16 urtez hilik egon den eraikina nola berpiztu dugun ikusi dute», dio Irurtiak.Benetan talde indartsu bat bertan lanean ari delako bidali nahi dituztela irizten du Irurtiak: «Ez dugu sistema jarraitzen, beste motibazio batzuk ditugu. Pentsakera desberdinak dituztenak biltzen dira Sorgintxulon. Asteburu osoan diskoteketan egongo bagina ez zen inolako arazorik egongo».Irurtiak azaldu duenez, Udalak Sorgintxulok ekainerako hustuta egon behar duela jakinarazi eta Auzo Etxera joateko esan zion gazte taldeari. Auzo Etxeak, baina, ez diete gazteei orain arte jorratu duten lan ildoa jarraitzen uzten: «Auzo Etxea Santutxutik kanpo dago. Gainera, kameraz beteta dago, oso goiz ixten ditu ateak eta igandeetan ere itxita izaten da. Gaztetxeko hainbat taldek ezin dute horrela lanik egin».Bestalde, Barañaingoa itxi zutenekoa da gaztetxeen aurka azken urteetan izandako erasoetatik berrienetakoa. Apirilaren 20an Barañaingo gaztetxea itxi zuten hango udaltzainek eta Guardia Zibilak. Barañaingo alkate Josu Senosiainekin agertu ziren bi polizia talde horietako kideak. Barruan zegoen guztia atera zuten. Eraikina hustu ondoren, itxiko zutela jakinarazi zioten Barañaingo Gazte Asanbladako kide bati Udaletxeko arduradunek. Horrela eman nahi izan zioten amaiera gaztetxearen hamar urteko historiari.Barañaingo gazteek ez zuten horren erraz etsi: ekainaren 13an berriz okupatu zuten eraikina. Halere, udalak ez zuen gaztetxeko kideek ahotsa isilaraztea lortu. Fermin Lezaun Barañaingo Gaztetxeko kideak Guardia Zibilak, ordubetez, legez kanpoko miaketa egin zuela salatu du: «Gaztetxearen itxieraren inguruan dagoen guztia oso iluna da, ez du oinarri legalik. Izan ere, Udalak oraindik ez du frogatu eraikina bera denik ere».1994. urtean gaztetxea martxan jartzeko lokala eskaini zien PSOE alderdia buru zuen Udalak. Horrela, gazte guztientzat irekia zegoen gune autogestionatua sortu zuten. Hamar urte geroago, emandakoa kendu die Udalak. Husteko agindua, baina, ez zen gazteentzat soilik kaltegarria izan: «Gaztetxean zegoen herriko kultura bakarra. Izan ere, Barañain lo-hiria da. Herritarrek egiten genuena eskertzen zuten, horregatik, jende ugari hurbiltzen zen antolatzen genituen ekimenetara».«Hasiera-hasieratik izan genituen Udalarekin tirabirak. Baina, inoiz ez zuten ixteko asmoa agertu». Alderdiekin izandako arazoak ere nabarmendu ditu Lezaunek: «UPN eta PSN alderdiek Gaztetxea soberan zegoela zioten, Gazteriaren Etxea delakora joateko esaten ziguten». Lokala zertarako erabiliko duten ere ez die argitu Udalak: «Ez dute gurekin hitz egin nahi, eraikina zertarako erabiliko duten ere ez digute argitu».Inor ez dago gaztetxeen aurkako erasoetatik salbu. Herri ala hirietakoak, handiak nahiz txikiak, ezagunak nahiz ezezagunak. Errealitatea askotarikoa da, baina guztiek dute borroka bera: tokian tokiko gaztetxea zabalik eta bizirik eustea.Iruñerriko Jai Alai Gaztetxea aski ezaguna da Euskal Herrian. Errespetua, erabakiak asanblea bidez hartzea, pluralismoa, autogestioa, horizontaltasuna eta disidentzia dira, orain dela hamar urtetik gaur arte, gaztetxearen oinarri nagusiak.Iruñekoak, gainontzekoen moduan, lehen unetik izan zituen agintariekin arazoak eta gazteak kaleratzeko hainbat saio egin ditu Udalak. Haritz Gonzalez Iruñerriko Gazte Asanbladako kidea kexu da: «Beti izango dugu udal erreakzionario bat, ez digute inolaz lokal bat eskura jarriko. Ez digute sormena lantzen uzteko tresnarik eskainiko».Egun, gaztetxeak hustu ahal izateko agintariek eurek ezarritako arauak hausten dituztela esan du Gonzalezek: «Duela bost urte, etxea okupatu zutenei 72 orduko epea ematen zitzaien lekua uzteko. Hirugarren egunean indar polizialek esku hartzen zuten eta liskarrak izaten ziren. Orain, berriz, euren legea urratzen dute eta bat-batean agertzen dira».

«Beste bizimodu bat»

Asko dira, beraz, husteko arriskuan dauden gaztetxeak. Agintariek edozein aitzakia erabiltzen dute hori arrazoitzeko: «Gure jarrera eta izaera eurenarekin kontraesanean dagoenez, ez dute gaztetxeen alde ezer egingo. Helduago garenean gizartearen gehiengoa izango gara. Agintarien helburua etxean, familiarekin egongo diren pertsonak sortzea da. Igandeetan futbola ikustera joan eta kitto! Horren aurka gaude eta beste bizimodu bat badela uste dugu».

Barañaingo Gaztetxeko kideak azaldu duen modura, Gazteriaren Etxeak alternatiba erreala ez direla berretsi du Gonzalezek: «Gaztetxeak gazteen etxeak dira. Besteak, berriz, udalarenak eta guk bertan parte hartzeko 'eskubidea' dugu. Gaztetxerik ez duen gazte taldeak han bilerak egiteko baimena eskatu behar du. Hori da Gazteriaren Etxeetan dagoen lehen oztopoa. Izan ere, gazte taldeak ez gara legalak, ezta ilegalak ere, nolabait esateko, alegalak gara». Gainera, gazteek ekimenak aurrera ateratzeko arazoak izaten dituzte udalak egokitutako guneetan: «Beraien lokaletan alternatibak planteatzen ditugunean zer nolako gai politikoak jorratzen diren, progresistak diren edota politikoki zuzena den galdegiten digute. Dena kontrolpean izan nahi dute». Komunikazioa eta adiskidetasuna lantzeko garaian ere zailtasunak izan ohi dira Gonzalezen arabera Gazteriaren Etxeetan: «Edozein ekimen aurrera ateratzeko adinka biltzen dituzte gazteak. Gazteen arteko komunikazioa eten egin nahi dute».

Gaztetxeak dira alternatiba . «Gaztetxerik ez badago gazteek tabernetara edota diskoteketara jotzen dute. Horiek dira kalean ez bizitzeko eta alternatibak ez sortzeko eraikitzen dituzten kartzelak». Gaztetxea izatea gazte guztien beharra eta eskubidea dela deritzo Gonzalezek.

-

gazte asanbladen koordinadora



 

«Euskal Herriko Gaztetxeen sarearen beharra dago erasoei aurre egiteko»





Iruñeko Gaztetxeko Haritz Gonzalezek azaldu duenez, bertako Gazte Asanbladak Iruñerriko Gazte Asanbladen Koordinadora osatzen du: «Auzo eta herri bakoitzaren arazoen gainean eztabaidatzen da bertan. Ondoren, bakoitzak dagokion tokian gainontzekoen arazoak plazaratuko ditu». Euskal Herriko gaztetxeen sare nazionala osatzea pauso positiboa izango litzakeela ere azpimarratu du Gonzalezek: «Gaztetxeak elkartuta oso tresna garrantzitsua eta indartsua sortu daiteke. Izan ere, inoiz ez da Euskal Herriko gaztetxe edota gazte asanbladen arteko koordinaziorik egon». Orain arte, Gaztetxe eta Asanbladak eskualdeka edota guneka antolatu izan ohi dira. Sarea sortzeak ekarriko lituzkeen abantailen isla izan zen Iruñean maiatzaren 15ean Desalojo gehiago ez lelopean egin zen manifestazioa: «Euskal Herriko sarearekin mila ekimen egiteko parada izango dugu, besteak beste, manifestazioak, auzolanak gaztetxeetan edota kontzertuak. Iruñeko manifestaziorako gaztetxe handienekin baino ezin izan genuen harremanetan jarri. Aurrera begira, pixkanaka-pixkanaka gaztetxe eta asanbladen arteko lotura lortzea espero dugu». Euskal Herriko Gaztetxeen sareak, beraz, azkenaldian ugaritzen ari diren erasoei aurre egiteko ere balioko luke. Arestian esan bezala, egun, eremuka biltzen dira gazte mugimenduak. Besteak beste, Iruñerriko Gazte Asanbladen Koordinadoraz hitz egin dezakegu, baita Iparraldeko Gaztetxeen Kolektiboaz ere. Kolektiboaren helburua indar gehiago lortzeko Iparraldeko elkarte guztiak lotzea da. 20 asanblada biltzen dira bertan, horietatik bostek dute gaztetxea. Gazteek lokalak alokatu edota herriko etxeak utzitakoak erabiltzen dituzte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.