Gasteizko gazteria gogoetara bultzatu nahi dute Eginaren Eginez elkarteko kideek, elbarrien eguneroko oztopoak bere egin eta salatu ditzan. Hala, Jarri nire lekuan izeneko kanpainaren jarraipen gisa, gazteentzako proiektu bat aurkeztu zuten atzo. Xedea: Internet bidez egoera «onartezinak» sala ditzatela. Adibidez, tabernetako komunetara sartu ezina, tranbiara sartzeko txartelak eskuratzeko edota sakelako dirua ateratzeko zailtasunak, zineman eroso egoteko trabak...
«Beste behin, kalera irten gara, gureak diren eskubideak defendatzeko», adierazi zuen Helena Espizua elkarteko bozeramaileak.«Oraingoan, ordea, gazteak animatu nahi ditugu, gure lemarekin bat egin dezaten». Izan ere, Espizuak adierazi duenez, elbarriek «hamaika» trabarekin topo egiten dute egunero, eta gazteak oztopo horiez jabetzea nahi dute. Horretarako jarri dute martxan proiektua. «Inguruak mugatzen ditu batez ere elbarriak», eta gazteen laguntzarekin horialdatzea posible dela iritzi diote Eginaren Eginez-eko kideek.
Gauzak horrela, kolore biziko kartelez bete dituzte Alde Zaharreko kaleak, gazteei arreta emateko modu «ezin erakargarriagoa» delakoan. Hiriko gazte askoren topaleku dira Alde Zaharreko kale eta tabernak. Horregatik, han «seinaleak» jarri nahi izan dizkiete. Adibidez, kartelek dituzten BIDI kodeen bidez, Jarri nire lekuan kanpainaren webgune berrira sar daitezke. Batez ere gazteentzako atari bat da. Orrialdean,salaketak egiteko txoko bat izango dute erabiltzaileek.
Gazteak bidegabekeriak salatzera bultzatu nahi dituztela azaldu du elkarteko bozeramaileak. Mugikortasun arazoak dituzten pertsonak iristeko zailak diren lekuak, esaterako. «Gazteak gure lekuan jartzera gonbidatu nahi ditugu». Horrek hausnarketara eramango dituela uste dute Eginaren Eginez-ekoek, gazte asko «bidelagun» bihurtzeraino.
Eskubideen alde
Espizuak ezinbestekotzat jo zituen elkarteak egiten dituen ekintza eta aldarrikapen guztiak. Hala, salatu zuen egun Gasteizko mugikortasun zerbitzuek eta hirigintza proiektuek ez dituztela betetzen elbarrientzako oinarrizko baldintzak: koskak denda eta tabernetako sarreretan, sarbide plataformarik ez autobusetan, antzoki zein aretoetan egoteko zailtasunak...
Nabarmendu zuen «onartezina» dela ezintasun fisikoak dituzten gazte «ugarik» pairatzen duten egoera. Espizuak salatu zuen zenbait ikastetxetako azpiegiturek ez dutela modurik ematen gazteak aske mugitzeko. Horrek gelakideengandik «urruntzen» dituztela uste du. «Ulertezina da ezintasunak dituzten gazteek oraindik ere horrelako egoerak ikusi eta pairatzea».
30 urte baino gehiago dira Gutxitasun Fisikoa duten Pertsonen Arabako Elkartea sortu zenetik. Geroztik, elbarrien eskubideen alde borrokan aritu dira kideak. Gazteen ordua heldu dela iritzi diote, eta martxan da Jarri nire lekuan kanpaina.
Gazteak elbarrien trabak salatzera animatu dituzte
Baldintza berdintasuna helburu hartuta, 'Jarri nire lekuan' kanpaina abiatu du Eginaren Eginez elkarteak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu