1980ko hamarkadara jo beharra dago egungo gaztetxeen sorreraren nondik norakoak aztertzeko. Frankismoaren azken ostikaden arrastoa bizirik zen oraindik, eta Euskal Herrian gazteentzako guneen eske hasi ziren herriz herri, orduko ereduarekin gustura ez zeudela eta.
Gazteentzako lokalek bazuten aurreko gertakari bat Euskal Herrian. 1965 aldera, gazte pare bat lokal baten beharraz jabetu ziren Larrabetzun (Bizkaia). Gazteentzat lekua sortzea eta euskara bultzatzea zituzten helburu. «Herrian zerbait egin nahi genuen, eta gure asmoa zen euskarazko gauzak egitea: antzerkia, abesbatza, futbol taldea...». Sabin Arana izan zen lokala bultzatu zuten bietako bat.
Biren artean ezin, eta sinadurak biltzen hasi ziren herrian. «Ezkongabe zeuden gizon guzti-guztiek sinatu zuten, nahiz berrogeitaka urte izan». Herriko udalera jo zuten, baina ez zen erantzunik izan. «Saiatu ginen lokal batzuk alokatzen, baina ugazabak ez ziren ausartzen, nahiz eta batzuk erdi utzita egon eta gu prest egon konpontzeko».
Francoren garaiak ziren, eta Elizaren elkarte baten bidez lortu zuten lokala. «Gotzainaren idazkariak esan zigun abadearengana joateko. Elizak bazuen toki bat orduan ia erabiltzen ez zena, eta guk konpondu genuen». Hori Bai elkartearen sorrera izan zen.
Larrabetzuko gazteen elkartea ia salbuespena izan zen 1980ko hamarkadara arte. Orduan ere gazteriak zuen hutsuneari egin nahi zioten aurre. «Diktaduratik atera berri zen gazteriak ez zuen tokirik aurkitzen gizartean», dio Koldo Otamendi andoaindarrak. Okupazio mugimenduari lotuta sortu ziren maiz gaztetxeak Euskal Herriko herrietan. Donostiako gazteak izan ziren lehenak -La Voz de España egunkariaren lokalak hartu zituzten 1982an, eta Gazteriaren Etxea sortu-. Ez zuten lortu luze irauterik, baina beste herri batzuetan gaztetxeak sortzeko eredu izan ziren, eta gaztetxe mordoxka sortu zen hurrengo hiletan.
Agintarien ezezkoari aurre eginez okupatu zituzten etxeak herri askotan; Andoainen (Gipuzkoa), kasu. «Hasieran udaletxeari eskatu zizkioten lokalak, baina ez ziren etortzen eta ez zuen pausorik ematen. Azkenean okupatzea erabaki zen». 1984ko neguan, eskola zaharra okupatu zuten. Urte horiek benetan oparoak izan ziren gaztetxeen sorrerari dagokionez. Herrietan ez ezik, hirietan ere izan ziren ahaleginak gaztetxeak sortzeko. Bilboko Alde Zaharrekoa izan zen lehenbizikoa, 1986ko apirilaren 12an okupatua.
Autogestioa ardatz
Gazteentzako gune faltak bultzatu zituen gaztetxeak. Gunea soilik ez, eurak nagusi izango ziren lekua nahi zuten gazteek. Autogestioak garrantzi berezia izan zuen Iruñeko Euskal Jai gaztetxean. 1994an hartu zuten Iruñeko erremonte frontoi zaharra; 17 urte zeramatzan sasiak jan beharrean. Urtebeteko prestakizunen ondoren hartu zuten Iruñeko Gazte Asanbladako (IGA) kideek.
Sortu eta urtebetera, kooperatibak sortzen hasi ziren. «Lapiku jantokia sortu zen. Bazkariak ematen zituen egunero, eta herri mugimenduaren ekitaldietarako zerbitzua ematen zuen, prezio herrikoietan», dio Euskal Jaiko kide batek. Sukaldekoaren ondotik, eraikuntzako kooperatiba ere sortu zuten; Euskal Jai pilotalekua txukuntzea izan zen haren zeregin nagusia. «Gure asmoa zen gehiago sortzea, baina bidean geratu ziren». Gaztetxe guztietan ez ziren gisa horretako antolakuntzak sortu, baina gazteek autogestionatutakoak dira guztiak.
Gazteak berria du berekin, eta kudeaketarako burujabetza horrek bide eman zien gaztetxeei musika era berriak zabaltzeko gune izateko. 1980ko hamarkadan Euskal Herrian zabaltzen ari ziren gaztetxeek aparteko garrantzia izan zuten euskal rock mugimenduan. Euskal Rock Erradikala (RRV-Rock Radical Vasco) mugimenduaren hasierako garaiak ziren.
Andoaingo gaztetxea lehen plaza izan zen rock talde askorentzat. «Garai hartan kalean eta jaietan ez zen ohikoa kontzertuak egitea. Gaztetxeak izan ziren rock musika Euskal Herrian zabaltzeko pauso interesgarria eta ezinbestekoa eman zutenak». Koldo Otamendi andoaindarrak dio garaiko rock mugimenduan zebiltzan talde esanguratsuenak pasa zirela Andoaingo gaztetxetik: BAP!!, Tijuana in Blue, Hertzainak, Kortatu, Potato...
Hasierako garaiek herrian zalantzak sortu zituzten, Otamendiren arabera. «Garai hartan, agian, rock musika drogarekin eta delinkuentziarekin lotzen zen gehiago, ezjakintasunagatik eta atzerriko kontua zelako». Gerora, ordea, Andoaingo herritarren artean gaztetxea uztartuz joan dela uste du. «Gaztetxea husten saiatu direnetan, herriak erantzun handia eman du. Manifestazio jendetsuak izan dira. Gaztetxea barneratua dago, eta erreferente izan da gazteentzat».
Itxieraren itzalpean
Gaztetxea ixteko saioetan adierazi izan dute andoaindarrek babesa. Bi aldiz saiatu dira gaztetxea husten Andoainen, eta behin lortu zuten. Aurtengoa du 25. urteurrena Andoaingo gaztetxeak, baina beti ez dira eraikin berean egon; 12 urte egin zituzten aurrekoan, eta 13 daramatzate oraingoan. Eskola zaharretik bota zituztenean hartu zuten.
Itxieraren itzala Euskal Herriko gaztetxe gehien-gehienek dute, guztiek ez bada. 1990eko hamarkadan hasi ziren indartzen gaztetxeen aurkako oldarraldiak. Gaztetxe asko itxi zituzten. Harrezkero, Iruñeko Euskal Jai gaztetxearena izango da Euskal Herriko gaztetxeen artean itxierarik entzutetsuena jasan duena.
Okupatu berritan, hiru bider saiatu zen Polizia gaztetxea husten, eta liskar gogorrak izan ziren Iruñeko kaleetan -besteak beste, 16 urteko gazte batek begia galdu zuen Poliziaren oldarraldian-. Ordea, gaztetxeko kideek lortu zuten itxierari aurre egitea. Hamar urteren buruan, 2004an, berriro azaldu zen Polizia, eta lortu zuen Euskal Jai ixtea. «Oso ongi antolatutako operazio militar gogorra burutu zuten Espainiako Poliziak, Iruñeko Udaltzaingoak eta Nafarroako Foruzaingoak», iritzi dio gaztetxeko kide batek. Haren arabera, agintariek ezin zuten eraman Euskal Jain zegoen giroa. «Haientzat jasanezina zen gaztetxetik sortzen zen mugimendu dinamikoa, eta, Barcina buru, erabaki zuten ixtea. Kostata, baina lortu zuten».
Euskal Jai ixtea «kolpe handia» izan zen Iruñeko gazte mugimenduarentzat. Itxieraren karietara, Iruñea piztera goaz! mugimendua sortu zuten. Talde hark protestak egin izan ditu Euskal Jairen itxieraren aurka. 2007ko maiatzean eserialdi bat egin zuen, eta Poliziak bederatzi lagun identifikatu zituen. Bi urte eta erdiko kartzela zigorra eskatua du haientzat Fiskaltzak, eta epaiketa zain daude.
Itxieraren mamua Euskal Herriko gaztetxerik zaharrenak ere izan du. Larrabetzuko gazteek Elizarekin adostuta sortu zuten elkartea. 2004an, ordea, Bilboko Gotzaitegiak erabaki zuen bota egin behar zuela Hori Bai gaztetxea zegoen etxea. Berrogei urteko bizitza bazuen ordurako elkarteak, eta Larrabetzun protesta biziak eragin zituen ixteko erabakiak. Sabin Arana bera joan zen Bizkaiko Elizaren arduradunengana. «Bikarioarengana joan ginen. Ez zuen esan ez baietz ez ezetz». Udalaren aginduz, konponketak egin zituzten. Geroztik, Larrabetzuko gaztetxean ez da Bilboko gotzainaren berririk.
[email protected]
Udaltzainek zigilatu egin dute Donostian Loiolako gaztetxea
Donostiako Udaltzaingoak zigilatu egin du Loiola auzoko gaztetxea. Gaztetxeko kideen arabera, ez dute informaziorik jaso, baina baliteke bizilagunen salaketa baten harira itxi izana. Haien esanetan, bizilagunen batek salaketa jarri zuen gaztetxearen aurka, «legez kontrako jarduerak» egiten dituztelakoan bertan.1.115
Orion gaztetxea sortzeko bildutako sinadurak. Orioko Gazte Asanblada (Gipuzkoa) ahaleginetan ari da gaztetxea lortzeko. Iaz, gazte festetan, saiatu ziren, baina ez zuten lortu. Udalarekiko negoziazioak «iruzurra» izan direla salatu dute. 1.115 herritarrek eman dute sinadura.'Eskualduna'-k aipatzen du Hazparneko 'gaztetchea'
Gaur egungo gaztetxeen mugimendua 1980ko hamarkadan hasi bazen ere, 1914. urteko urriaren 16ko Eskualduna aldizkariaren aleak aipatzen du gaztetxe hitza. I. Mundu Gerran hil zen Zalgizeko (Zuberoa) arkitekto batez diharduelarik, kontatzen du hark egina dela «Hazparneko gaztetche ederra».2
Aurten itxitako gaztetxeak. Urtea hasi zenetik bi gaztetxe itxi ditu Ertzaintzak, biak ekainean. Hilaren 8an, Iurretakoa (Bizkaia) itxi eta eraitsi zuten; astebete zeraman okupatuta. Bi egun geroago, berriz, Gasteizko Judimendi auzokoa. Hilabete lehenago hartu zuten gazteek.«Gaztetxeak izan ziren rocka Euskal Herrian zabaltzeko pauso interesgarria eta beharrezkoa eman zutenak»
KOLDO OTAMENDI
Andoaingo gaztetxea