Urriaren 25ean Independentzia Eguna antolatuko zutela iragarri zuten duela zenbait aste hainbat gaztek, eta eguna Hernanin (Gipuzkoa) egingo dutela jakinarazi dute gaur. Euskal Herria "Espainiako Konstituzioaren eta Frantziako Errepublikaren kartzeletan" dagoela iruditzen zaie, eta "horietan segitzeko antzezpen lanetan" dabiltzala "herri honetako politikari korbatadun eta soineko elegantedun guztiak".
Eusko Legebiltzarrak urriaren 25ean egin nahi zuen galdeketa Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan -debeketu egin du Espainiako Auzitegi Konstituzionalak-, eta Independentzia Eguna orduan bertan antolatzea erabaki zuten orain dela aste batzuk gazte independentistek. "Erabakitze eskubidearekin sortu duten zirkoak berriz ere euren diru gosea agerian utzi du!", diote, EAJri buruz. "EAJrena ez da abertzale izateko beste modu bat, EAJ ez da abertzalea; diruzale koadrila bat besterik ez".
Espainiako eta Frantziako estatuen "gerra estrategiaren azkartzea" ere salatu dute. "Helburua? Gure ekinbide politikoa desitxuratzea eta borrokara batzen ari garen belaunaldi berrien artean etendura sortzea. Min eman digute, min ematen digute baina inoiz ez dute lortuko etsipenean murgiltzea gazte iraultzaileak". Gazteek Amnistiaren Aldeko Mugimenduaren aurkako epaia eta espetxeratzeak salatu dituzte.
Horri denari buelta emateko asmoz, independentzia aldarrikatu dute. "Hedabideetan asko ikusi ez badugu ere herriz herri independentziaren aldeko aldarria nabarmena izan da. Herriz herri milaka izan dira udara honetan gazte independentiston deialdietan parte hartu dutenak. Guztietan gazte independentistok bi gauza esan nahi izan ditugu: lehendabizi, herri hau askatasunean bizitzeko, herri hau biziko bada, independentzia behar dugula, Euskal Estatu Sozialista eraiki behar dugula; bigarrena, kolpeak kolpe prest dagoela hemen gazte belaunaldi bat lekukoa hartu eta herri hau azken helmugaraino eramateko".
Politika
Gazteek Hernanin egingo dute Independentzia Eguna, urriaren 25ean
EAJ eta gerra estrategiaren azkartzea salatu dituzte. Independentziaren aldeko aldarria "nabarmena" dela uste dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu