Gazteen despolitizazioari aurre eginez

Bizkaiko hainbat gazte asanbladak eta gaztetxek antolatuta, 'Gaztetxeak aurrera!' jardunaldia egiten ari dira Gernikan.

'Gaztetxeak aurrera!' jardunaldia gaur Gernikan. ARITZ LOIOLA / FOKU
'Gaztetxeak aurrera!' jardunaldia gaur Gernikan. ARITZ LOIOLA / FOKU
14789412 kepa
Gernika
2025eko uztailaren 12a
16:13
Entzun 00:00:0000:00:00

Batek baino gehiagok pentsa lezake gazte guztiek parranda baino ez dutela buruan. Hori horrela ez dela agerian uzteko asmoz, Gernikan (Bizkaia) batu dira gaur 140 gazte inguru, Gaztetxeak aurrera! jardunaldian: arduratuta daude gaur egungo prekaritate eta despolitizazio egoerarekin, eta uste dute gune autogestionatuak tresna egokiak izan daitezkeela hausnarketarako eta arazo horiei aurre egiteko.

Orain dela hamar urte baino gehiago itxi zuten gaztetxe zaharra berriro hartu zuen apirilaren 12an Gernikako Egurre gazte asanbladak; hain zuzen ere, antzina eskola izandako eraikinetako bat, Pasealekua plazan. Gaur, berriz, etxe horretako arkupea eta enparantza gazteen ikasgune bilakatu nahi izan dituzte berriro Bizkaiko hainbat gaztetxe eta gazte asanbladek.

Azken hilabeteetan, kezkatuta daude lurraldeko hainbat gune autogestionatuk jasandako erasoak direla eta: apirilean, Sestaoko Txirbilenea eta Bilboko Etxarri II hustu zituzten hiru egunen barruan. Aldi berean, Igorreko Kinu eta Zornotzako Matrailu gaztetxeak hustuak izateko arriskuan daude. Aitzitik, Durangoko Kaletik Gaztetxera asanbladak gaztetxe berria zabaldu du.

«Beharrezkotzat jotzen dugu denon artean hausnartzea zer funtzio izan behar duten gaztetxeek eta gazte asanbladek», adierazi du Ihart Basabe Egurreko kideak. «Izan ere, horiek dira gure aldarrikapenak defendatzeko dauzkagun elkargune bakarrak». Eztabaidarako eta beste hainbat errealitate ezagutzeko ez ezik, sozializatzeko ere balioko du jardunaldiak.

«Beharrezkotzat jotzen dugu denon artean hausnartzea zer funtzio izan behar duten gaztetxeek eta gazte asanbladek. Izan ere, horiek dira gure aldarrikapenak defendatzeko dauzkagun elkargune bakarrak»

IHART BASABEGernikako Egurre gazte asanbladako kidea

Aurreikusitakoa baino geroago ekin diote gaurko egitarauari, 12:00etan. Aurretik, gosaltzeko eta solasaldian lasai aritzeko aukera izan dute Pasealekua plazan bildutako lagunek. Txupinazoa jaurti bezain laster iritsi zaie, ordea, eguneko lanei ekiteko ordua. Hori bai, eztabaida saioa hasi aurretik hainbat argibide eman dituzte antolatzaileek, eta testuingurua zein den azaldu.

Gazteen egoera

Oholtzatik nabarmendu dutenez, «gazteen lan eta bizi baldintzak gero eta okerragoak dira», eta «ezinezkoa» egiten zaie «bizi proiektu propio bat aurrera ateratzea». Europatik datozen gerra hotsak ere izan dituzte hizpide, baita komunikabideak zuzenean ematen ari diren Palestinako sarraskia ere. Horiek denak oharkabean igaro daitezen «gazteak despolitizatzeko abian den saiakera etengabea» txarretsi dute antolatzaileek: «Hori bultzatzeko, egoera horien inolako erantzukizunik ez daukaten kolektiboak jotzen dituzte erruduntzat, hala nola migranteak eta sexu-genero disidenteak. Bien bitartean, nagusituz doaz diskurtso erreakzionarioak».

«Gaztetxeak dira tresnarik egokienak horiei guztiei aurre egiteko, modua ematen baitiete gazteei politika egiteko, eta toki aproposak dira aisialdi alternatiboa sustatzeko ere». Horiek horrela, bildutako neska-mutilak talde txikiagoetan banatu eta eztabaidari ekin diote. Hala ere, ateratako ondorioak ez dituzte gaur argitara emango. Izan ere, asanblada bakoitzak ere hausnarketa egitea nahi dute.

Eztabaidaz gain, bazkaria, mahai ingurua, mobilizazioa, ekitaldi politikoa eta binilo pintxada zeuzkaten antolatuta.

Hustuketa mehatxuei dagokienez, gaurkoa bezalako jardunaldiek «eraso horiei nola aurre egin ikasi eta indarrak batzeko» aukera ematen dutela adierazi dute Maren Perez Zornotzako Matrailu gaztetxeko kideak eta Alaitz Zengotitabengoa Durangoko Kaletik Gaztetxera asanbladakoak. Igorreko Kinu gaztetxea bezalaxe, husteko arriskuan dira aipatutako beste bi herrietako gune autogestionatuak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.